Usurbilgo jaiak

"Lehertu dadila festa!"

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 2a

Eskaera eta gonbita horrekin borobildu du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak festei hasiera emateko haien legealdiko azkeneko jaien hasiera. Eskertu nahi izan du jai batzordeak hilabeteotan eginiko lan ederra. Gogoan hartu ditu Venezuelak bizi duen egoera latza, Palestinak jasaten segitzen duena ez ahazteko galdegin du. Alboan zituen, 50 urte betetako Zubieta Lanbide Eskola eta Usurbil F.T. omentzeko baliatu du bere adierazpenen tartea, baita euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko ere. Eta nola ez, festetan murgiltzeko gonbita egin die herritarrei. Murgildu bai, baina euskaraz, "errespetuz eta beldur gabe".

"Mugitu hankak, astindu gerriak, zabaldu bihotzak, berotu eztarriak eta batez ere, arindu buruak! Lehertu dadila festa!", hortxe, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak Usurbilgo herriari eginiko gonbita, asteazken honetako, uztailaren 1eko festen hasiera ekitaldian.

Arratsaldeko 19:00etarako jendetza bildua zen udaletxe atariko plazan, gutxitan gertatu ohi den moduan, herritar guztion etxe nagusiko balkoira begira. Eta balkoian bizitako unea berezia izan da. Herritar batentzat baino gehiagorentzat oharkabean pasako zen arren, ezohikoa izan da asteazken honetako festen hasiera ekitaldia, udaletxeko balkoian zeudenentzat.

Izan ere, 2023-27 legealdia azken txanpan da jada. Hurrengo urteko maiatza amaieran egingo dira udal hauteskundeak, lau urtero bezala. Honenbestez, 2027ko jaietan udalbatza berria osatuko duten kideak izango dira balkoi horretan. Beraz, asteazken honetakoa izan da legealdi honi zegokion azkeneko festen hasiera egungo udalbatzarentzat.

Hiru udal taldeetako ordezkariak elkartu dira udaletxeko balkoian; EHBildu, EAJ eta PSE-koak hain zuzen. Aurretik, haiek guztiek, aurtengo omendu Zubieta Lanbide Eskolako nahiz Usurbil F.T.-ko ordezkariek, albiste honi atxikitako taldeko argazkia atera dute udalbatza aretoan.

Balkoian, festen hasiera ekitaldi ofizialean, udalbatza horretatik hitza hartu duena, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa izan da. Jai batzordeak hilabeteotan eginiko lan ederra aitortuz eta eskertuz ekin dio bere hitza hartzeko uneari.

Venezuela eta Palestina
Mundu zabalera begira jarri nahi izan du, eta elkartasuna adierazi herritarren txalo artean, lurrikara txikitzailearen ondotik Venezuelak bizi duen egoera latzaren nahiz Palestinak pairatzen segitzen duen bidegabekeria onartezinaren harira. "Ahanzturara kondenatu ez dezagun. Genozidioa gelditu eta Palestina askatu!", oihukatu du.

Omenduei gorazarre
Segidan, nola ez, udaletxeko balkoian alboan zituen Zubieta Lanbide Eskola eta Usurbil F.T. hartu ditu ahotan. "Duela 50 urte alajaina, udala eta herria borbor zegoen garai haietan, herri eraikuntzari ekin zioten askok eta askok, nork beretik eta nor bere eremutik. Horregatik, gure omenaldia egin nahi diegu Zubietako Lanbide Eskolaren proiektua abiatzeko ausardia eta konpromisoa hartu zuten ekintzaile haiei, orduko gazte askorentzat aukera akademiko bikaina izan zelako Lanbide Eskola eta lan munduratzeko bitarteko ezinhobea".

Mende erdia betetako Usurbil F.T.-ri dagokionean, balioan jarri nahi izan du, "futbol klubean edota bestelako klub batzuetan ere egiten duten lana, hartzen duten konpromisoa, beraien gertutasuna, lantzen dituzten balioak". Unea, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko baliatu nahi izan du alkateak. "Herri bat gara eta Euskal Herriak eskubidea izan behar du nazio gisa lehiatzeko", argi utzi nahi izan du bertaraturikoen txalo artean.

Lehertzear zen festa giroan murgiltzeko gonbita egin du azkenik; ospakizunetan barneratu bai, baina "errespetuz eta beldur gabe" eta euskaraz. Euskararen aurkako oldarraldia ere mintzagai izan du Solaberrietak.

Alkatearen agurra

Ailegatu dira halako batean, aurtengo Santixabelak! Horregatik, ezer baino lehen, txalo zaparrada handi bat eskatu nahi dizuet, gu guztiok ondo pasatzeko azken hilabete luzeetan festak antolatzen aritu den jai batzordearentzat. Aurten ere egitarau bikaina osatu dute, adin, eta gustu guztietara egokitutako egitaraua, festek ez dutelako adinik, eta bada nabarmentzekoa aurten ere, festa zaintzaileagoak eta inklusiboagoak izateko helburuz, egin duten ahalegina, festak denontzat baitira, herritik eta herriarentzat egindako festak. Aupa zuek!

Eguneroko bizimodua alde batera utzi eta jai giroan murgiltzera gaoz. Aprobetxa dezagun elkarrekin ondo pasatzeko, umoreari eta alaitasunari tokia egiteko. Disfruta ditzagun festa hauek euskaraz, euskara zokoratu eta bigarren mailako bihurtu nahi duen oldarraldi judizial honetan, erakuts dezagun euskalduntasunaren harrotasuna.

Eta batez ere disfrutatu ditzagun festak errespetuz eta beldur gabe, jai parekideak nahi ditugulako, gozo gozatuz eta eraso sexistarik gabe. Ez esaten dugunean, ezetz da eta ezetz esaten digutenean ere ezetz da.

Festa giroan murgiltzera goaz baina ezin ahaztu Venezuelako sufrikarioa, ezin ahaztu ere Palestina sufritzen ari dena. Usurbilek orain arte erakutsi du elkartasuna, erakutsi du elkartasun eredugarria eta festa hasiera hau ere baliatu nahi dugu Palestinarekiko gure elkartasuna adierazteko, ahanzturara kondenatu ez dezagun. Genozidioa gelditu eta Palestina askatu!

Gaur, Zubieta Lanbide Eskolako eta Usurbil F.T-ko lagunak ditugu alboan. Biak ala biak 50 . urtemugaren ospakizunetan murgilduta daude. Eta herriak hala proposatuta, eta jai batzordeak hala erabakita, eurek dute aurtengo txupina botatzeko ohorea eta ardura. Frankismoaren hondarretan, dena edo ia dena egiteko zegoen garai haietan, duela 50 urte alajaina, udala eta herria borbor zegoen garai haietan, herri eraikuntzari ekin zioten askok eta askok, nork beretik eta nor bere eremutik. Horregatik, gure omenaldia egin nahi diegu Zubietako Lanbide Eskolaren proiektua abiatzeko ausardia eta konpromisoa hartu zuten ekintzaile haiei, orduko gazte askorentzat aukera akademiko bikaina izan zelako Lanbide Eskola eta lan munduratzeko bitarteko ezinhobea. Seguru nago, urte hauek batzuk onak izan direla, beste batzuk ez hain onak baina urte hauetan guztietan proiektu honen kudeaketan aritu direnei eta gaur ere ari zaretenoi, lortu duzue eskola aitzindaria eta erreferentea izatea hainbat eta hainbat eremutan. Horregatik zorionak! Zorionak 50 urte hauetan egindako ibilbide arrakastatsuarengatik!

Eta nola ez, eskerrak ere urte hauetan guztietan futbol klubarekin konpromisoa hartu duten eta egun ere konpromisoa duten guztiei. Zuen eta haien lanik gabe, gure herrian ez genukeelako kirol eskaintzarik izango. Zuen lanak ez du izaten, futbolak izan ohi duen gorazarre sonaturik, ez oihartzun mediatikorik, sarri askotan seguru ere esker txarrekoa izaten da eta horregatik balioan jarri nahi dugu, futbol klubean edota bestelako klub batzuetan ere egiten duten lana, hartzen duten konpromisoa, beraien gertutasuna, lantzen dituzten balioak.

Eta futbola aipatuta, beste aldarrikapen bat ere plazaratu nahiko nuke gaurkoan; euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarria, ez garelako ez espainolak, eta ez frantsesak. Herri bat gara eta Euskal Herriak eskubidea izan behar du nazio gisa lehiatzeko, izan nazioarteko txapelketetan edo izan munduko txapelketetan.

Eta orain bai, murgildu gaitezen jai giroan! Mugitu hankak, astindu gerriak, zabaldu bihotzak, berotu eztarriak eta batez ere, arindu buruak! Lehertu dadila festa! Gora Santixabelak! Gora Usurbil!