Lehertu da festa giroa Usurbilen, eta nola gainera, beste urte batez. Jendetza batu da aurtengoan ere, herriko jaiak abiarazteko hasiera ekialdian. Udaletxe aurreko plaza herritarrez mukuru zegoen asteazken arratsaldeko 19:00etarako. Belaunaldi hainbatetako herrikideak elkartu dira, elkarrekin bost eguneko ospakizunen zurrunbiloan murgiltzeko abiatze hitzordu horretan.
Zorrotz bete da, azken urteotan finkaturiko "protokoloa". Hitz egin du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, hitza hartu dute baita aurtengo omenduek; 50 urte betetako Zubieta Lanbide Eskolako eta Usurbil F.T.-ren ordezkariek.
Omenduen lotunea
Eta iritsi da segidan, une zirraragarriena, jaiak ofizialki abiatzeko suziria jaurtitzeko unea; bi eragile omenduen sorrera eta eraikitze prozesuan, gakoa izandako herrikide bat hautatu dute, ohorez betetako zeregin horretarako. Izan ere, aurtengoan suziri hori jaurtitzeko aukera ahaztezina izandako herritarra, Pepe Fernandez izan da, bai Zubieta Lanbide Eskolaren zein Usurbil F.T.-ren sorreran eragiten jardundakoa eta gerora, aipatu ikastetxean gogotik lan egindakoa.
Suziri hori lehertzearearekin batera, lehertu da baita plazako giroa, festarako giroa eta geldiunerik gabe, jada idatzi gabeko "protokoloa" bete da ondoren. Aurreko hamarkadan, une horretarako ereserkiari lekua egiten hasi ziren eta ikusi da, urtez urte, geroz eta ozenago abestu eta dantzatzen dela. Aurtengoa ere horren adibide argia izan da. Orbeldi dantza taldearen belaunaldi gazteenak girotu du udaletxeko sarbidean, Jaixkipe txarangako kideek musikatu eta herrikideek kantaturiko ereserkia.
Artean, udal ordezkariez nahiz omenduez betetako udaletxeko balkoian izan da bestelako mugimendurik ere. Bertan esekiak ziren bandera guztiak bistaratu dituzte; "ikurriñaren igoera" deitu izan ohi zaion unea berrituz.
Bistan denez, beraz, dantza eta kantu betean ekin diete usurbildarrek, 2026ko Usurbilgo festei.
Usurbilgo ereserkia
Usurbil´ko kale nagusian
Txamunto´ko zapaterian
daukagu guk txoko bat maitea
euskal billera garbia.
Han egiten dira modu onian
konpondu gauza guztiak
tontuan ere arkitzen dira
pozez beterik gure artean.
Usurbiltarrak daukate
sagardua alkate (bis)
Irrintziz pozturik, bildurrak azturik
ibiltzen dira goiz arte (bis)
Sagardotxo maitea
erari pare gabea
argitu zazu mundua
arinduaz burua (bis).