Usurbilgo jaiak

Gazteenek jolas-parke erraldoian bilakarazi dute herri erdigunea

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 3a

Belaunaldi gazteenarena izan da jaietako hirugarren goiza. Herri erdigunea hartu eta jolas-parke erraldoian bilakatu dute.

Haurrentzat jaietan erabateko protagonismoa duen egunik bada, hori, gaurkoa izan da. Urtero moduan, belaunaldi gazteenari eskainitako ospakizunez betetako egunpasa izaten dute. Urtero, aldatzen doazen gurasoek aurreko hilabeteetan eginiko antolaketa lanaren emaitza izan da ostiral honetakoa, uztailaren 3koa.

Hasteko, egunotako festen eremua handitu dute, jaietako esparrua nabarmen zabaldu eta herri erdigunea zein inguruak jolas-parke erraldoian bilakarazi dituzte.

Jolas entretenigarrietan
Goizeko 9:30ak pasatxotik aurrera, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan elkartu dira erronkan (LH5-DBH2) nahiz ginkanan (LH 1-4) parte hartzeko ekainaren 21a baino lehen izena emana zuten haurrek eta gaztetxoek. Koadrodun zapia altxa eta astinduz, egun honetako ereserkia abestu eta dantzatu dute guztiek, parte hartzaileek nahiz antolatzaileek.

Gero, aurrez eskatu bezala, kolore zehatz bateko kamisetarekin etorri da parte hartzaile bakoitza eta guraso taldeekin goizean zehar egitekoa zuten ibilbidea osatzera joan dira. Helduenak, Udarregi ikastolaren eta Oiardo kiroldegiaren bueltan aritu dira hamaika talde jolasetan; dantzan aritu dira, baloiarekin bueltaka, herri kiroletan, nahiz bestelako talde joko kooperatibo eta bizietan.

Gaztetxoenak ere zaku lasterketan, edota sokatiran ikusi ditugu, aulki jokoan, globak elkarri lehertzeko saiakeran, lokots jaurtiketan, korrika eta ingurumenean erabat barneratuak. Izan ere, Galtzaragainan, Artzabalgo frontoian, udaletxe atarian edota Aranerrekako eremu berrituan aritu dira, ahatetxoak arrantzatzen.

Eskerrak antolatzaileek aldatzeko arropa eramatea galdegin zieten parte hartzaileei. Izan ere, goizean zehar hainbat uneetan botatako zirimiriak gogotik blaitu ditu. Baina lagunartean eta jolasean, bustitzeko beldur handirik ez zutela argi utzi dute.

Txutxu trenaren zain
Erronkan eta ginkanan ibili dira LH eta DBHkoak, txikienentzat artean, aterpean, frontoian, puzgarriak izan dituzte. Bertan ere jendea ibili da, baina handik ez oso urruti, beste behin, ilara luzeak eragin ditu festetako garraio zerbitzu izarra den txutxu trenak.

Hamaika joan-etorri egin ditu herri erdigunean eta Kalezarren barrena. Lehen ordua, azken urteotan bezala, belaunaldi helduenarentzat erreserbatua egon da. Gero eman da, herritar orok baliatzeko aukera.