Zer esanik ez, Umeen Egun honetan, ondo baino hobeto agendan apuntatua zuten, eguerdi partean irtengo zela kalez kale Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. Dema plazatik abiatu dira udaletxera eta handik Kale Nagusitik, Zubiaurrenea kalera jo eta Bordatxo pareko biribilgunea inguratuta, Mikel Laboa plazan barneratu dira, inoiz baino berrituagoa eta jendetsuagoa den bilgunea, sendotze nabarmena bizitzen ari den seinale.
Hainbat guraso eta haurrekin batera, bidelagun izan dituzte gaurkoan, Manex Torrealdaik gidatutako Zumarte Musika Eskolako trikitilari eta panderojole talde gaztetxoa. Hortik aurrera, erraldoiak dantza batean ikusi ditugu etengabe eta buruhandiek lasterkaldi eta maskuri kolpe bat baino gehiago eragin dituzte herri erdiguneko kaleetan barrena.
Larunbatean (19:00etan) eta igandean (18:30etan) irtengo dira berriz, uztailaren 4an eta 5ean hurrenez hurren.
Konpartsa berrituaren urtemuga
Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa non, hantxe erakartzen du belaunaldiarteko jendetza. Buruhandiak historikoki Usurbilgo herri eta auzo guztietako jaietan ikusi ahal izan ditugun arren, iaztik konpartsa gisa, erraldoi eta buruhandi talde berrituarekin plazaratzen hasi ziren herri bilguneak Udalarekin adostu eta sinaturiko lankidetza hitzarmenaren testuinguruan. Iazko herriko festetan aurkeztu zituzten, aurten bueltan diren buruhandi berriak ere.
Iazko festen denboralditik orain arteko denbora tartea igaro dute itzalpean, baina berriz plazaratzeko unea heldu zaie. Haien nahiz erraldoien xehetasunen berri ematen aritu dira azkenaldian sare sozialen bidez; batzuk ezezagunak zirenak orain arte. “Gure erraldoi eta buruhandiak prest daude kalera irteteko!”, iragarri du Lauburuk.
Bueltan izan ditugu herriko jaiotan, “90. hamarkadan Irungo Garate etxeak” sortu eta 2016an berritutako bi erraldoiak; Ixidro baserritarren zaindaria eta herriko zaindariari gorazarre egin nahi dion Ixabel. “Izenik gabe egon ziren urte luzez”, gogorarazi digute Lauburu konpartsakoek. Baina deskribatu moduan, “egun badute nortasun propioa” eta izena ere bai. Hartara aiton-amon deitzeari uzten lagunduko digute izenok.
Aipatu konpartsakoek xehetasun gehiago ere eskaini dituzte haien izanari buruz. “Landa eremutik herrira hurbiltzeko ohitura handia zuten bere produktuak saltzera eta jai giroaz gozatzera”. Xehetasunokin Lauburu konpartsak argitu duenez, “herriko nekazal jardueraren pisu nabarmenaren adierazle dira oraindik bizirik eta jardunean dirauten hainbat baserri”.
Aukeratzen lehena
Horrekin batera, Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan lasterkaldi bizi askoak eragingo dituzten tximu, deabru, pailazo edota akerra berriz bueltan ditugu auzoko festetan. Baina haiekin, iaz ikusmin itzela eragin eta estreinakoz, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldian aurkezturiko buruhandi talde berria ere itzuli da. Gogoan izan, sei dira, seiak herri honen nortasunari, ogibideei estuki lotutakoak. Haien artean da, nola ez, basurdea, “Usurbilgo ikur berezia!”, Lauburu konpartsako kideen esanetan, “buruhandi talde berria diseinatzerakoan hauxe izan zen aukeratzen lehena”. Zergatiak azalpen askorik behar ez duen arren, ezaguna denez, “gure armarrian ageri da eta herriko basoekin eta naturarekin lotura estua du”. Horrekin batera, “urteetan zehar, herriko sinbolo ere izan da, talde ezberdinen irudi izateraino. Letagin zorrotz eta belarri tentekoa, beldurra eta jakinmina pizten ditu aldi berean”.
Aginagako Mapil aldetik itzuli zaigu bigarren buruhandia jaiotan. Bertako arotzak “irudikatzen du hiru lanbideetatik lehena: zurgintza eta ontzigintzaren ordezkaria da bera”. Garai hartako artisauak omenduko ditu, soinean ekarriko dituen laneko jantziekin. Berak ontzigintza bizi asko zegoen garaiko Aginagara eramango gaitu egunotan.
Mapileko arotzak ez du urruti izango egunotan aharia, herri honen garai bateko ohitura oroitarazten lagunduko duena; ahari borrokak hain zuzen. “Bi ahariren arteko talketan oinarritutako jokoak ziren eta plazak jendez betetzen ziren” iazko mende hasieran hain zuzen, azaldu dute Lauburu konpartsatik. Adi, iragarri dutenez, “mutur adar handikoa, gure aharia aurrean jartzen den edonor baztertzeko prest dago!”.
Ahariaz gain, oilarra ere badu buruhandi talde berrituak, “herriko jai giroko protagonista nagusia” dena. Izan ere, leku gutxitan eusten dioten ohitura zahar bati lekua ematen jarraitzen dio herri honek. “Oilasko biltzea gabe, nekez ulertzen dira Usurbilgo jaiak”. Oilarrak giro hori irudikatzen du. “Trikiti doinuen eta festazaleen artean ihesi dabilen oilarra” da, konpartsakoen esanetan.
Errotaria eta angularia
Iazko estreinalditik bueltan izango dugunon artean da, emakumezko errotari gaztea, “Usurbilgo ondarearen zati garrantzitsu” gisa definitzen duena Lauburuk. Izan ere, “garai batean, errotak ezinbestekoak ziren”. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako familia giroko ogibidea “garia eta artoa xehatzeko” baliatzen zen. Errotarrien harria, “Andatza menditik ateratzen zen”.
Berarekin etorri da berriz baita Aginagako erriberako angularia. “Aginagako angulak gure kulturaren parte eta ikur dira. Bertako jende askok jardun izan du lan” ogibide horretan.