Usurbilgo jaiak

Askatasuna plazan kabitu ezinik, zikiro janerako batutako jendetza

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 4a

Zikiro jan jendetsua beste urte batez, aurtengo jaietan ere. Askatasuna plaza txiki utzi du ehunka lagun bildutako hitzorduak.

Parte hartzearen ikuspuntutik, Usurbilgo jaietako ekitaldi jendetsuena ez bada, jende gehien biltzen dituen hitzorduetako bat izango da ziur. Askatasuna plaza txiki geratzen ari da. Aterpean kabitzen ziren garai batean, baina azken urteotan aterpetik kanpo itzalpea edo euria egiten badu aterpe modukoa egokitu behar izan dute, aurten bezalaxe, albiste honi atxikitako irudiotan ikus dezakezuenez.

Belaunaldiarteko topaketa izan da hitzordu hau ere beste hainbat bezalaxe. Lagunarteko giro ederra nagusitu da Askatasuna plazan. Haietako asko, eguerdian Dema plazan izandako herritarren arteko herri kirolen desafiotik etorri dira. Artean, eguerditik gogor aritu dira prestaketa lanetan antolatzaileak. Izan ere, ekimen hau ere herri auzolanean bideratu ohi da. Gaur bazkaltzeko lekua ekainaren 19an eskuratu zuten txartela Aitzaga elkartean.