Abisu horian gaur, bueltan datorren bero boladagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 6a

Gipuzkoa barnealdean alerta laranja indarrean izango den arren, geure inguruan abisu horiaren eraginpean izango gara beroagatik, astelehen honetan, uztailaren 6an.

Ekainaren 22ko astean izandako beroaldi historikoaren ondotik, bueltan datorkigu berriz ere halako bolada, baina iraupen aldetik laburragoa izango da eta ez hain bortitza. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, astelehen honetan, uztailaren 6an, abisu horian izango gara 12:00-18:00 artean "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko. 34 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu Usurbilen gaurkoan, arratsaldean zehar. Gipuzkoa barnealdea, aldiz, alerta laranjan izango da, 38 gradu inguruko tenperatura izan dezakete bertan.

Giro eguzkitsua izango dugu gaur baita datozen egunotan ere. Halere, tenperatura baxuagoa izango dugu bihartik aurrera. Euskalmet-en arabera, Usurbilen 26 gradu izango dugu uztailaren 7an, 23 gradu inguru asteazkenean eta ostegunean, hilaren 8an eta 9an hurrenez hurren. Iragarpena betetzen bada, ordea, asteburuan berriz ere giroa are gehiago berotu daiteke; 35-36 graduko tenperatura izan dezakegu aste honen amaieran.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.