Jaietako une zirraragarriena bizi izan dugu bart, festen agurrean. Emakume gazte belaunaldiak eskainitako dantza saioaren ondotik, su festa ikusgarri eta musikatuaren artean birrindu da egunotan frontoian eta Potxoenea atarian zintzilik izan dugun maskota; Martin arrantzalea. Txalo artean agurtu zuen Dema plaza inguratutako jendetzak egunotan festetako zaindaria eta harekin, aurtengo ospakizun zikloa.
Nabarmentzekoa da, urteotan hitzordu honek izandako eraldaketa. Izan ere, ez du garai bateko burrunbarik eta segurtasunean ere nabarmen indartu dute ekitaldia. Halere, ezaugarriok aldatuta ere, ikusgarritasunean ez du galerarik izan. Bart gauean jasotako irudiok dituzue horren guztiaren lekuko zuzenak.
Martin arrantzalea
Gogoan izan, hegan heldu zitzaigun maskota aste hasieran frontoira. Martin arrantzalea izan dugu aurtengo Usurbilgo festetako maskota. Tamaina handian ikusgai izan duzue frontoian zintzilik. Izan ere, izatez nabarmen txikiagoa da. "Hegazti koloretsua da. Burua, bizkarra eta buztana urdinak ditu, eta luma batzuek dizdira metalikoa dute. Azpialdea berriz laranja bizia da. Buruan eta eztarrian kolore zuriko lerro batzuk ere baditu. Buru handia du eta mokoa ere oso luzea da, buztana aldiz oso motza. Hankak ere oso motzak dira, kolore gorri bizikoak. 15-19 zentimetroko luzera duen hegazti txikia da eta hego-zabalera 25 zentimetrotakoa da. 34-46 gramo artean pisatzen ditu".
Ur masa dagoen inguruetan ikus daiteke. "Arrain txikiak jaten ditu, hortik bere izena". Arrantzan oso aktiboa da. Frontoian zintzilikaturikoak ere arrain bat arrantzatua du, baina ez hori bakarrik. Aurtengo maskotak bi elementu izan ditu; bat, frontoian bertan esekitako Martin arrantzalea bera eta bestea, Potxoenea atarian kokaturiko kabia eta arrautzak. Kabiari eusten, esku handi bat.
Artelan zoragarri horren sortzailea, beste behin, sormen iturri agortezineko Jokin Eizagirre herrikidea izan da. Artelanarekin batera plazaratu zen astelehenean. Semearekin batera eta Martxelo Garraioak-en laguntzaz aritu ziren muntaketa lanetan; euritan aurtengoan.
Esanahi askokoa
Begi-bistan dugunetik haratago, keinu, esanahi eta sinbolismoz beterikoa izan da aurtengo maskota, egileak berak aditzera eman zigunez. Maskotak bi kokagune izan ditu aurtengoan ere; Martin arrantzalea bera zintzilik egon da frontoian eta bere kabia Potxoenea atarian. Kabiari eusten, aipatu moduan, esku bat izan du. Gizakiaren eta naturaren arteko hartuemana, garairik onenean ez den hartuemana, elkar zaintza hori aldarrikatu nahi izan du Eizagirrek artelan honekin.
Kultura bat baino gehiagotan, oparotasun, zorte ona, sormena, lasaitasuna, autokontzientzia ere irudikatzen omen ditu animalia horrek.
Esanahi gehiago ere baditu, ordea, aldarria eta gorazarrea ere uztartzen ditu aurtengo maskotak. Erreparatu izenari, bi hitz hauei: Martin eta arrantzalea. Ez zaizkio oharkabean pasa sortzaileari. Izan ere, batetik, ingurumenaren zaintzarekin batera, tokiko merkataritzaren zaintzari ere keinua egin nahi izan dio Eizagirrek aurtengo jaietako maskotaren bidez. Bi arrandegi ditugu herrian, biak ala biak jubilazioagatik ixtear.
Martin du izena, bestalde, aurtengo festen zaindariak. Martin, Usurbilek 1983-87 urte artean izandako alkateetako baten izena da era berean. Duela urtebete, 2025eko ekaina hasieran zendu zen Martin Larrañaga. Bera ere omentzeko baliatu nahi izan du Eizagirrek aurtengorako ondu duen sormen lana.