Gaueko tarifarik ez Lurraldebusen eta Eskuzaitzetara zerbitzu berria irailetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 7a

Bi aldaketa iragarri ditu Lurraldebus zerbitzuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun, turismo eta lurralde antolaketa arloez arduratzen den sailak.

Bi berrikuntza edo aldaketa iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren "Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa " sailak Lurraldebus zerbitzuetarako. Batetik, aste hasiera honetatik, uztailaren 6az geroztik, herrialde mailako autobus zerbitzuetako gaueko tarifa ezabatu egin dute. Honenbestez, aurrerantzean, "ez da prezio bereizketarik egingo autobusa hartzen den ordutegiaren arabera".

Diputazioaren arabera, "orain arte, gaueko autobusen tarifak honako hauek ziren: 2,65 euro zona-jauzirik gabeko ibilbideetan, 3,70 euro zona-jauzi bat zutenetan, 6,45 euro bi zona-jauzi zituztenetan, 8,95 euro hiru zona-jauzikoetan, 11,30 euro lau zona-jauzikoetan eta 14,75 euro bost zona-jauziko ibilbideetan".

Gaueko tarifa ezabatuta, MUGI txartela dutenek "gehienez ere 0,59 euro ordainduko dute zona-jauzirik gabeko ibilbideetan; 0,88 euro zona-jauzi bat egiten dutenean; 1,64 euro bi jauzi egiten dituztenean; 2,41 euro hiru jauzitan; 3,12 euro lau jauzitan; eta 4,16 euro bost zona-jauzi egiten dituztenean".

Gauez ere autobus zerbitzua erabiltzea erraztu nahi du Foru Aldundiak neurri horrekin,  "Gipuzkoarentzat irisgarriagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa den mugikortasun-eredua sendotuz; pertsona guztientzako aukera-berdintasuna sustatzen duen eredua, hain zuzen ere”, adierazi dute Foru Aldunditik.

Iaz, 31,2 milioi bidaia erregistratu zituen Lurraldebusek. Aurten, 68,4 milioi euroko aurrekontua jaso du aipatu Gipuzkoako erakundetik.

Zerbitzu berria Eskuzaitzetara
Bestalde, Foru Aldundiko departamendu berak, zerbitzu berri baten abiatzea iragarri du iraileko bigarren hamabostaldirako. Izan ere, uda ostean, autobus linea berri bat jarriko dute martxan Zubietako Eskuzaitzetara. Gogoan izan, bertan dira hainbat enpresa edota ekainean inauguraturiko espetxea. "Autobus horrek astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizeko lehen ordutik (5: 30-6:00) eguneko azken ordura arte (22:00-22:30) eta intermodala izango da".

Zerbitzu berri hau nortzuengan pentsatuta dagoen ere jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa departamenduak; "linea berriak BU15 izena izango du, eta industrialdeko langileei zein Zubietako espetxera edo Zubietako kirol-hirira joan behar dutenei erantzuteko" jarriko dute martxan.

"Orain arte ez zegoen garraio publikoko irtenbiderik industrialde honetarako mugikortasun-eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Horregatik, Foru Aldunditik Lurraldebus Eskuzaitzetara helarazteko apustua egin dugu. Enklabe estrategiko horretan, hamar bat enpresa handik, bakoitza bere sektorean erreferenteak eta puntakoak, egunero ehunka lanpostu sortzen dituzte, eta modu erabakigarrian laguntzen dute Gipuzkoa lurralde oparoa, lehiakorra eta lan-aukera egonkor eta kalitatezkoak sortzeko gai izaten jarrai dezan. Lantoki horietarako sarbidea erraztea gure ehun ekonomikoa indartzeko eta pertsona guztientzako lurralde kohesionatuagoa eta aukera gehiago ematen dituena eraikitzen jarraitzeko modu bat ere bada".

Industrialdeko beharrizanei soilik ez, autobus zerbitzu berriarekin, "ireki berri den espetxeak garraio publikoko zerbitzu egokia izango du, espetxearen beharrizanetara egokituta, langileei beraiei, presoen familiei eta espetxearen eremuan lan egiten duten elkarte eta profesionalei erantzuna emanez".

Azkenik, "emakumezkoen zein Sanseren partidetara joaten diren Realeko zaleak garraio publikoan iritsiko dira" line berri horri esker.