Lehen gazte taldeari egingo diote harrera gaur Ziortzaren kanpaldian

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 7a

Argazkia: Ziortza Gazte Elkartea.

Ziortza Gazte Elkarteak Peñaloscintosen (Errioxa) egokitutako kanpaldira helduko da astearte honetan, uztailaren 7an, lehen gazte taldea.

Usurbilgo jaiak amaitzearekin bat abiarazten dira herri honetan, haur eta gazteei zuzenduriko aisialdiko hainbat ekimen. Atzo, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas jarri zuten martxan. Astearte honetan, uztailaren 7an, Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko kanpaldiaren txanda izango da. Izan ere, Peñaloscintosen (Errioxa) egokitutako eremuan egingo diote harrera Usurbildik joandako lehenengo gazte taldeari.

Hiru txanda
Udaberrian zehar bideraturiko izen-emate deialdiarekin bat egindako DBH 3 eta 4 mailetako gazteak izango dira eremuaz eta hango dinamikez gozatzen lehenak, gaur hasi eta hilaren 16ra arte. Hurrengo asteko ostegunean, hilaren 16an itzuliko dira eta hara joango dira, astebeterako DBH2koak. Hilaren 23ra arte izango dira Errioxan. Haien itzulera egunak bat egingo du, Usurbildik harantz abiatuko den azken taldearen abiatzearekin; DBH1ekoen bidaiarekin hain zuzen. Hilaren 30era arte izango dira bertan.

Herri auzolanaren emaitza da, Ziortzak hamarkada luzez Errioxa aldean eginiko kanpaldia. Albiste honetako gazte elkartekoek ateratako argazkia duzue horren erakusle argiena. Urtez urte, herri honetako belaunaldi batek baino gehiagok egin bezalaxe, ekainaren 27an aritu ziren azpiegitura guztien urteroko muntaketa lanetan. Usurbilgo festen aurreko larunbata baliatu ohi dute zeregin horietarako, aurten egin bezalaxe. "Beste urte batez, Peñaloscintos prest dugu kanpaldiari hasiera emateko!", jakinarazi zuten Ziortzako kideek sare sozialen bidez.

Gogorarazi zutenez, "hau ez litzateke posible izango muntaketa lanetara animatu zineten guztiok gabe, zuen lanari esker kanpaldia posible da! Mila mila esker bihotzez".

Kanpaldira itzultzeko gogoa agertu zuten antolatzaileek. Horretarako eguna heldu da.