Gizarte zerbitzu, berdintasun eta aniztasun/jarduera fisiko eta kiroleko administraria lanpostua betetzeko deialdia
Iazko 2025eko apirilaren 8an argitaratu zuen Udalak lan deialdi horri lotutako oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. "Ondoren iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta izangaiak aurkezteko epea ireki zen", Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez. Beste urrats bat eman dute orain. Izan ere, "izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren behin-behineko zerrendak onartu behar dira". Beraz, horixe; "Gizarte Zerbitzu, berdintasun eta aniztasun/jarduera fisiko eta kiroleko administraria lanpostua betetzeko oposaketa-lehiaketa prozesuan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda" onartu zuen Udalak, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Interesdunek alegazioak aurkezteko, uztailaren 8ra arteko epea dute.
Padel pista eraikitzeko lizitazioa abian
Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, padel pista eraikitzeko lizitazioa abiarazi dute. “Interesdunek uztailaren 15era arteko epea izango dute proiektuak aurkezteko: esleipen prozedurari jarraituz, irailean ebatziko litzateke, eta, horren ostean, esleipendunak hiru hilabete izango ditu lanak gauzatzeko. Guztira, 184.826,5 euroko inbertsioa izango da”.
Pista berrian, kiroldegi kanpoaldean eraikiko da, futbol zelaiaren ondoan. “Zelai homologatua izango da, neurri ofizialekin bat eginez: 10 metro zabal eta 20 metro luze izango da, eta estalpea izango du, egun eguzkitsuetan zein euria denean eroso erabili ahal izateko. Estalpea olanazkoa izango da, eta itxitura, batik bat, kristal panoramikoduna”.
Pista honen eraikuntza, “udal-gobernuak 2023-2027 legealdirako prestatutako planaren barruan jaso zuen”. Maiatzeko osoko bilkuran eginiko kreditu aldaketaren bidez jaso dute “kirol ekipamendu berria eraikitzeko partida. Kirol sailak azaldu duenez, zati bat Gipuzkoako Aldundiaren hurrengo Kirol Ekipamenduen Planaren bidez finantzatzen ahaleginduko dira, deialdia argitaratzen dutenean”.