Udal langileei lotutako bi erabakiren onespena

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 8a

Apirilaren 30eko eta ekainaren 25eko osoko bilkuretan udalbatzak hasieraz onarturiko udal langileei lotutako erabakien berri eman du egunotan, Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Usurbilgo udal langileei lotutako bi erabakiren onespenen berri eman du Udalak berak egunotako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Batetik, udal langileen lan hitzarmenari dagokion aldaketa behin betiko onartu du, uztailaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Behin-behinean onartu zuen udalbatzak apirilaren 30eko osoko bilkuran. Zehazkiago esanda, lan hitzarmeneko 47. eta 48. artikuluak aldatzea proposatu zuten saio hartan, gurasotasun baimenari lotutakoak hain zuzen. Gurasotasun baimena hamasei astetik hemeretzira, hiru astez luzatzea onartu zuten udal ordezkariek aho batez.

Aldaketa udal plantilla organikoan eta lanpostuen zerrendan
Haur eskola Partzuergoan integratzeak hainbat aldaketa eragingo ditu ekainaren 25eko udalbatzaren osoko bilkuran argi geratu zen. "Ezohiko subrogazio prozesu" bat hasieraz onartu beharra izan zuen, haur eskolari lotutakoa hain zuzen.

Izan ere, alkateak gogora ekarri zuenez, "Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolak diruz ez laguntzen jarraitzeko hartutako erabakiaren ondotik eta herri honetan haur eskola zerbitzu bat izaten jarraitzeko helburuz eta gainera, zerbitzu horri atxikita egon diren langileen egoera babesteko asmoz, Usurbilgo Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak jarduketa protokoloa sinatu genuen 2026ko otsailean, 0-2 udal zerbitzua zena, Partzuergoaren egituran integratzeko prozesua bideratzeko".

Orain arte, adin tarte horretan aritu diren langileei Partzuergoan integratzeko aukera eskaintzen zaie, baina "hori zer baldintzetan egin Partzuergoak zehazten du, hala jasota dago jarduketa horretan". Horretarako, lehenik, Udalak subrogatu egin behar ditu langileak, "ondoren, udaletik Partzuergoan integratu ahal izateko". 

Udalak langileok subrogatu ahal izateko ezinbestekotzat jo zuen udalbatzak bozketa garaian aho batez onarturiko proposamena; alegia, udalaren plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzea. "Langile horiek udalean egun batez egotea aurreikusten da".

Guztira, Partzuergoak Udalari adierazitakoaren arabera, zazpi izango dira Udalak subrogatuko dituen langileak, "zazpi lanpostu berri sortuz plantilla organikoan". Langileok Partzuergoak subrogatu ostean, berriz ere udal plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatu beharko dute, sortutako zazpi lanpostu horiek ezabatzeko. 

Udalak subrogatuko dituen langileak "laboral izaerako langileak dira, laboral finko bezala kontratatuko lituzke Udalak". Hortik aurrera, "zer zazpi langile kontratatu, puntu honen dokumentazioan ikusi duzue zerrenda bat". 

Udal gobernu taldetik hilaren 25eko saioan iragarri zutenez, hurrengo osoko bilkuran, uztailekoan, "udalaren eta Partzuergoaren arteko integrazio hitzarmena" hartuko dute ahotan. "Horrek bi eranskin izango ditu; Udalak Partzuergoari egiten dion eraikinen lagapena, Partzuergoak zerbitzu hori gure herrian emateko eta beste eranskina da, langileei dagokiona; ze zazpi langile hartuko dituen Partzuergoak. Guretzat garrantzitsua zen, plantillaren aldaketa egitearekin batera, aurrez sinatua gera zedin ze zazpi langile izango diren eta nolabait udala eta Partzuergoaren arteko hitzarmen horren atal hori sinatua geratu dadin, Partzuergoaren konpromisoa langile horiek subrogatu ahal izateko". 

Beste aldaketa bat txertatzeko ere baliatu zuten unea; "kale garbiketa eta mantenu ofizialaren lanpostuaren zerrendako betekizunen C gidabaimena c1/b*" izatera igarotzeko. Hartara, "aldaketa horrekin lortuko genuke ordezkapenak azkarrago bideratzea". Aipatu aldaketok aho batez onartu zituen udalbatzak hilaren 25eko osoko bilkuran, hasieraz eta aho batez. Erabaki hura uztailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Usurbilgo Udalak.  Ordutik, hamabost egunez jendaurrean izango dute alegazioak aurkezteko. Halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko ditu Udalak.