Dirulaguntza deialdiei lotutako ebazpen gehiago kaleratu ditu Udalak egunotan

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 8a

Otsailean kaleraturiko dirulaguntza deialdiei lotutako ebazpen gehiagoren berri eman du Usurbilgo Udalak egunotan.

Urte hasieran eginiko udal dirulaguntza deialdien ebazpenen berri ematen segitzen du Usurbilgo Udalak. Egunotan, beste bi laguntza lerro hauei lotutakoei buruzko erabakiak plazaratu ditu:

Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abiarazteko ekintzaileei zuzenduriko dirulaguntzak
"Usurbil Zabalik" izeneko deialdi honek bi dirulaguntza deialdi hartzen ditu bere baitan: enpresa ekimenak abiaraztearen hasierako gastuei aurre egiteko nahiz lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko dirulaguntzak. Eskabideak aurkezteko epealdia bitan zatitu ohi du Udalak; lehen epealdia, oinarriak otsailaren 12an kaleratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, maiatzaren 31ra artekoa zen; bigarrenerako oraindik eskaerak aurkeztu ahalko dira irailaren 30era arte. Udalak hain zuzen, maiatzaren 31ra arte aurkezturikoei lotutako behin behineko ebazpena kaleratu du, astearte honetako, uztailaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Tarte horretan, eskaera bakarra aurkeztu zen eta aztertu ostean, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak bere eskabidea behin behinean onartu duela jakinarazi du.

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol egitasmoak garatzeko dirulaguntzak
Iragan ekainaren 9ko bilkuran, dirulaguntza lerro horri lotutako behin behineko ebazpena onartu zuen Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak. Deialdi hau lau laguntza lerroetan banatua dago. Hala, laguntza bereziak (6.000 euro), taldeetako prestakuntza teknikoentzako (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketentzat (5.000 euro) nahiz eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko laguntzak (5.000 euro) eskaintzen ditu. Eskabideak aurkezteko bi epealdi finkatzen ditu Udalak deialdi honen baitan; aurtengoan, lehenengoa apirilaren 30era artekoa izan da, bigarrenak zabalik segiko du azaroaren 13ra arte. Apirilaren 30era arte, guztira bederatzi eskaera izan dira; haietatik hiru onartu ditu, Udalak ekainaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuenez. Biharamunean, hamar eguneko alegazio epealdia zabaldu zuen Udalak.


2026ko udal dirulaguntzen deialdien behin betiko ebazpenak
Desgaitasuna edo/eta mendekotasuna duten adingabeen osasun egoera hobetzeko tratamenduetarako dirulaguntzak
Usurbilgo Udalak otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez kaleratu zituen dirulaguntza horren oinarriak. Segidan irekitako epealdiaren baitan ez zen eskabiderik aurkeztu. Apirilaren 30ean Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak plazaraturiko behin behineko ebazpenaren ondoko hamar eguneko alegazio epealdian ez zen halakorik aurkeztu. Horregatik, ekainaren 8ko alkatetza dekretu bidez, behin betiko onartutzat jo du Udalak ebazpen hori, ostiral honetako, ekainaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jakinarazi duenez.

Gizarte zerbitzuen arloko egitasmoentzako dirulaguntzak
Ildo beretik, otsailaren 12ko GAO bidez argitaratu zituen Udalak dirulaguntza deialdi horren oinarriak. Segidan irekitako epealdian, "14 eskaera jaso ziren. Horietatik bat epez kanpo". Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak apirilaren 30ean plazaratu zuen behin behineko ebazpena. Gerora, hamar eguneko alegazio epealdia ireki zen, baina halakorik ez zen aurkeztu. Honenbestez, ekainaren 8ko alkatetza dekretu bidez, behin betiko onartu ziren dirulaguntzok. Hamahiru eskabide onartu dituzte. Guztira, ia 12.000 euroko (11.997,89 euro) dirulaguntza emango du Udalak.            


Dirulaguntza lerro hauez gain, behin betiko ebazpen gehiago kaleratu ditu Udalak egunotan:


Kultur egitasmoak garatzeko dirulaguntzak
Behin betiko onartu zituen Udalak ekainaren 5eko alkatetzaren dekretuz. Otsailaren 12an plazaraturiko deialdiaren harira, 21 eragileren 72 ekintza lagunduko ditu diruz Udalak. Guztira ia 80.000 euroko dirulaguntza (79.973,65 euro) banatuko du Udalak aipatu eragileon artean. Apirilaren 30eko Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak behin behineko ebazpena kaleratu zuen. Interesdunek maiatza amaieran 10 eguneko epealdia izan zuten alegazioak aurkezteko. Tarte horretan ez zen halakorik izan. Aipatu moduan, hilaren 5ean behin betiko onartu zituen dirulaguntzok udalak, ostegun honetako, ekainaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Kultur sorkuntzarako egitasmoentzako dirulaguntzak
Aurrekoaren antzera, otsailaren 12an eskabideak aurkezteko epealdia zabaldu zuen Udalak. Hortik aurrera finkaturiko tartean, hiru eskaera aurkeztu ziren. Horri lotutako behin behineko ebazpena kaleratu zuen Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak. Maiatza amaieran alegazioak aurkezteko zabaldutako epealdian ez zen halakorik egon. Ondorioz, alkatetza dekretuz behin betiko onartu ziren dirulaguntzok ekainaren 5ean, Udalak ostegun honetako, ekainaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez. Guztira, 8.250 euro banatuko ditu Udalak.

Nekazaritza eta abeltzaintzako egitasmoetarako dirulaguntzak
Dirulaguntzon deialdiaren oinarriak ere otsailaren 12an plazaratu zituen Usurbilgo Udalak. Segidan finkatutako epealdiaren baitan, 19 eskabide aurkeztu ziren. Gerora, Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak behin behineko ebazpena onartu zuen apirilaren 30ean. Maiatza amaieran alegazioak aurkezteko epealdian, ez zen halakorik izan. Honenbestez, ekainaren 5eko alkatetza dekretu bidez behin betiko onartu ziren udal dirulaguntzok ere. Guztira, 19 eskabideetatik 17 onartu dituzte. 17.404,91 euroko laguntza banatuko du guztira Udalak, asteazken honetako, ekainaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Etxebizitza alokatzeko dirulaguntza deialdia
Deialdi horri lotutako oinarriak otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez plazaratu zituen Udalak. Segidan irekitako epealdian guztira zazpi eskabide aurkeztu ziren. Haietatik bi eskabide diruz laguntzea onartu du Udalak, beste bostak ez, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleraturiko ebazpenaren bidez.

Etxebizitzan igogailua instalatzeko dirulaguntza deialdia
Deialdi horren oinarriak ere otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez plazaratu zituen Udalak. Gerora irekitako epealdiaren baitan, ez zen eskabiderik aurkeztu. Ondorioz, deialdi horri lotutako "espedientea amaitutzat ematea" erabaki du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez.

Ingurumen arloko egitasmoetarako dirulaguntza deialdia
Gainerako deialdien antzera, honako honen oinarriak ere iragan otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez kaleratu zituen Udalak. Segidan irekitako epealdiaren baitan, kasu honetan, bi eskaera aurkeztu ziren. Biei guztira, 7.008,25 euro ematea erabaki du Udalak. "Erabaki hau finkoa da eta amaiera jarri dio administrazio-bideari", jakinarazi du Udalak, astearte honetako, ekainaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.