Eliza, Dema plaza eta frontoia "Babes Ertaineko Kultura-Ondasun deklaratzeko espedientea" abiarazi du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 8a

Usurbilgo Salbatore eliza, Dema plaza eta frontoia "monumentu-multzoaren kategorian Babes Ertaineko Kultura-Ondasun deklaratzeko" espedientea abiarazi du Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hezkuntza Politika Sailak.

"Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea" erabaki du Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hezkuntza Politika Sailak. Hala jakinarazi zuen aipatu erakundeak, eremu hau festa giroan murgildu zen egun berean, uztailaren lehenean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, "Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko jolas- eta erlijio-multzoaren (San Salvador eliza, probalekua eta frontoia; aurrerantzean Elizaldeko multzoa) ondare-interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta".

Eusko Jaurlaritzaren Kulturako sailburuorde Andoni Iturbe Amorebietaren erabaki horren erabakiak, alegia "babes-espediente hau abiarazteak Usurbilgo (Gipuzkoa) Elizaldeko multzoari berezko babes-araubidea berehala eta behin-behinean aplikatzea ekarriko du, baita maiatzaren 9ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes ertaineko ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide orokorra eta berezia ere".

Horregatik, "Usurbilgo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Departamentuari" Eusko Jaurlaritzak erabaki horren bidez jakinaratzen die, "prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, baita lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean".   

Eremuaren xehetasunak
"Babes Ertaineko Kultura-Ondasun deklaratzeko" eremua zein izango den ere argi definitua du Eusko Jaurlaritzak. Bere baitan hartzen ditu eraikitako aipaturiko elementuak eta "elementu horiek lotzen dituen plazako espazio osoa eta lotutako oinezkoentzako eremuak ere hartzen ditu; izan ere, jarduera tradizionalak garatzeko eta multzoa behar bezala hautemateko ezinbesteko euskarri fisikoa dela ulertzen da".

Hala, eremu horren "iparraldean, mugaketak pilotalekua eta aldameneko oinezkoentzako eremua hartzen ditu, eta erabiltzaileak egoteko eta zirkulatzeko eremua gehitzen du, elementu horren inguruan espazio libre bat eta plazarekin duen lotura egokia babesteko". Haren ondoan, "erdialdean, probalekua dago: errekarri-errei bikoitza, arraste-harriak eta horiek erabiltzeko espazioa. Hegoaldean, Kale Nagusiko bidera iristen da mugaketa, bide-zerrenda eta lurzati mugakideetako fatxadak barne, multzoaren hiri-aurrealdea behar bezala definitzeko. Ekialdeko eta mendebaldeko ertzetan, plaza inguratzen duten lurzati mugakideek okupatzen dituzten eraikinen fatxadei egokitzen zaie mugaketa, eta multzoko elementuak integratzen diren espazio libre jarraitua konfiguratzen da".

Balioa
Jaurlaritzak espazio horren guztiaren "balio kultural, espazial eta funtzionalak babestu behar" direla argudiatu du espediente hau abiarazteko. Izan ere, "Komunitatearen bizitza sozial eta kulturalari lotutako identitate-espazioa" dela diote, elkartzeko lekua, euskal esparruaren antolaketa tradizionalaren ezaugarritzat jotako eremua.  Izan ere, "parrokia-tenpluaren inguruan antolatu da eta jolas- eta kirol-jarduera tradizionaletarako espazioak gehituz zabaldu da".

Horrez gain, "espazio publikoaren jarraitutasuna, oztopo fisiko nabarmenik gabea, elementuen arteko lotura bisuala eta funtzionala errazten duena eta plazaren izaera irekia indartzen duena" aitortzen diote Elizaldeari. Hala, "multzo osoak Usurbilgo hiri-irudiari egiten dion ekarpena eta eraikitako elementuen eta espazio librearen arteko erlazioa" nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, "hiri-paisaiaren espazio adierazgarri eta bereizgarrienetako bat osatuz".

Ikuspegi artistiko eta arkitektonikotik, Jaurlaritzatik nabarmendu dutenez, "arkitektura-tipologia desberdinak (erlijiosoa, kirolekoa eta publikoa) eremu bakar batean integratzea, hiribilduaren erdialdean funtzioak batera daudela islatzen du".

Salbatore elizak dituen "elementu arkitektoniko bereziak" ere goraipatu dituzte; "hala nola, garapen bertikaleko kanpandorrea, kupula eta linterna dituena, alboko arkupe arkupeduna eta trazeria flamigeroa duten baoak, XV. mendetik XX. mendera arteko eraikuntza-fase desberdinak islatzen dituztenak. Nabarmentzekoa da, halaber, zoladuraren erretikulak duen kontserbazio bikainak dakarren balio nabarmena. Bertan, familiak identifikatzen dira, etxe bakoitzaren abizenen inskripzioaren bidez". Horrez gain, nola ez, estilo erromatiko-sinfonikoko organoa.

Probaleku gisa izendatutako Dema plazari dagokionean, "herri-kirolei lotutako arkitektura funtzionalaren adibide gisa" deskribatzen du, "errekarrizko zoladura errei paraleloetan jarrita". Azkenik, frontoia, "kirol-arkitektura tradizionalaren tipologia adierazgarria da. Jatorrizko harlanduzko frontisaren kontserbazioa eta gaur egungo konponbideak (estalki arina, adibidez) uztartzen ditu, eta apaingarri batzuk ere baditu, hala nola mural zeramikoak".        

Zaintzarako irizpideak
Eremu hau babestu, zaindu eta kontserbatzeko edota eskuhartzeko irizpide hainbat ere finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala, "monumentu-multzoko kultura-ondasun babestuei ematen zaien erabilerak bermatu egin beharko du haien kontserbazioa eta balioa nabarmentzea"; ondorioz, eremu horren "erlijioa-jolasa-kirola" erabilera nagusia bermatzea.

Horrez gain, "babes-araubide honi atxikitako ondasunean egiten diren esku-hartzeak eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzeko izango dira". Zaindu beharreko elementuak zehaztuak ditu baita eta elizari dagokionean, besteak beste, bi nabarmendu dituzte; batetik, "estilo erromantiko-sinfonikoko organoa da; 1907an eraiki zuen Charles Mutinek, Cavaillé-Coll etxearen ondorengoak, eta 1920an elizara eraman zuten. Ordutik, elizaren egituran eta liturgia- eta musika-erabileran txertatuta dago. Tresna hori ondare-balio handiko elementua da, bai organo-kalitateagatik, bai jatorri bereziagatik eta ibilbide historikoagatik, eta nabarmen laguntzen du elizaren barruko espazioaren ingurumen-, funtzio- eta estetika-konfigurazioan".

Jaurlaritzak dio organoa, babestu beharreko gainerako elementuen antzera, "in situ kontserbatu beharko da" eta bestalde, "tenpluaren zorupeko familia-nekropolia. "Nekropolia XVI. mendean hasi eta joan den mendera arte luzatu zen. Horregatik, interes arkeologikoko aztarnak daudela egiaztatu da arkeologikoki, eta etorkizuneko edozein jarduketaren aurrean aurreikusi behar da. Beraz, aztarna horiek mantentzea eta aztertzeko beharra da lurpeari eragin diezaiokeen edozein proiektu bideratu behar duen irizpidea".

Egungo izaerari eutsi beharra
Elizaren "estalkiaren jatorrizko antolamendua" mantendu beharko da. "Probalekuari eta pilotalekuari dagokienez, espazio irekiak izaten jarraitu behar dute, bokazio publikokoak, eta instalazio mugikor txikiak bakarrik baimenduko dira, behin-behinekoak eta itzulgarriak, herritarren erabilera errazteko, betiere instalazio tradizional, jolas- eta kirol-instalazio horien berezko materialekin eta formekin lan eginez".

Horrrekin batera, "pilotalekuan, plaza irekiko frontoiaren konfigurazio tipologikoari eutsi behar zaio, eta probalekuarekin eta plazarekin lotura zuzena bermatu behar da. Frontisa, joko-paramentuak eta elementuaren konfigurazio orokorra zaindu beharko dira. Egungo estalkiari dagokionez, jatorrizko tipologia ez badu ere, egungo egoeran toleratzen da, betiere arina bada, multzoaren pertzepzioa aldatzen ez badu eta haren izaera irekia aldatzen duen itxitura finkorik sartzen ez bada. Era berean, frontoiari lotutako dekorazio-elementuak babestu beharko dira, bereziki mural zeramikoak, haien osotasunari eutsiz eta haien pertzepzioa alda dezakeen edozein esku-hartze saihestuz".

Gauza bera probalekuarekin. "Eutsi egin behar zaio egungo konfigurazioari, arraste-probetarako espazio gisa, eta izaera irekiari eta plazaren planoan integratzeari eutsi behar zaio. Errekarrizko zoladura eta haren trazadura geometrikoa babestuko direla bermatu beharko da, eta haren antolamendua, materiala edo irakurketa alda dezaketen esku-hartzeak saihestuko dira. Era berean, haien erabilerari lotutako arraste-harriak kontserbatu beharko dira".  

Informazio gehiago, uztailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jaso ahalko duzue.