"Ikimilikiliklik vol.2" ikuskizuna uztailaren 18an Dema plazan

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 8a

Veneziako Bienaleraino eraman eta nazioarteko onespena jasotako Mikel Laboaren, Artze anaien eta Jose Luis Zumetaren "Ikimilikiliklik" sentikariak 50 urte bete dituen honetan, emanaldi hura berrasmatu du Loraldiak. Uztailaren 18an Dema plazan izango dugu ikusgai, gaueko 22:30etan.

Duela 50 urte, Mikel Laboak, Artze anaiek edota Jose Luis Zumetak lankidetzan sortutako "Ikimilikiliklik" sentikariarekin "elkarrizketan sorturiko ikuskizuna; "Ikimilikiliklik Vol.2" izenekoa, Loraldiak ekoitzitakoa ekarriko dute herriko plazara hilaren 18an 22:30etan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eta NOAUA! Kultur Elkarteak. "Ikuskizuna Usurbilen eskaintzeak esanahi artistiko, kultural eta emozional berezia izango du", iragarri zuen, euskal sorkuntzaren erakusleiho izatetik haratago, "sortzaileak elkartu, sormena bultzatu eta ekoizpen berriak bultzatzen dituen eragile aktibo" gisa definituriko Loraldiaren ordezkariak. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean ariko dira, Iñaki Salvador, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro, Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce.

Argi zuten, sentikari haren 50. urtemuga gerturatzean, "jatorrizko sortzaileek izan zuten baimen bera eman behar geniola gure buruari, garaikideak, esperimentalak eta ausartak izateko". Horren emaitza da emanaldi berria; "duela 50 urteko ausardiaren eta gaur egungo sorkuntzaren arteko zubi artistikoa bada". Esanguratsutzat jo dute ikuskizun hau udalerri honetan eskaintzea. Batetik, "hemen bizirik daude, Ez Dok Amairuren, Artze anaien, Mikel Laboaren eta Jose Luis Zumetaren arrastoak". Bestalde, antzokietarako sortutako emanaldia plaza ireki batera ekarriko dute eta horrek teknikoki nahiz artistikoki, egokitzapen lan handia eskatuko die. Erronka handitzat jo dute; "esanahi berria emango dio ikuskizunari". Horretarako, "espazioa berrirakurri, argia, soinua eta zuzeneko irudiak egokitu eta ikuskizunaren atmosfera kalean berreraiki behar izango dugu".

"Ez Dok Amairuren Usurbil" 
Ikuskizun honen berri izatean, "zalantzarik ez genuen izan, Usurbil bazela hori eskaintzeko plaza egokia", adierazi zuen agerraldi berean NOAUA! K.E.-ren kudeatzaile Alaitz Aizpuruak. Antzokitik plaza irekira ekartzeko erronka proposatu zien Loraldiakoei. "Euskal kultura da 650 Usurbil Bizi proiektuaren ardatzetako bat eta gure lanaren helburu nagusietako bat Usurbil izan denaren transmisioa da", bere esanetan, "egungo Usurbil ulertzeko ezinbestekoa". Helburu bera du baita 30 urte betetako kultur elkarte honek; beraz, "bi proiektuek bat egiten dute", Aizpuruaren esanetan. 

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietarentzat, erabat bat dator hitzordua 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin, "Usurbil ezberdin asko" ezagutzeko aukera ematen baitu; tartean, "Ez Dok Amairuren Usurbil ere". Hain zuzen, "Usurbil Ez Dok Amairuren herria ere badela" aldarrikatu zuen, hein handi batean, mugimendu horren sorterria izan zelako eta mugimendu horretako kide, frontoi atzeko muralaren egile zein herrikide Jose Luis Zumeta, Artze anaiak edota haiekin hartueman estua izandako Mikel Laboa edota Udarregiren omeneko eskulturaren egile Remigio Mendiburu. Laboaren sormen lanei hitzak jarritakoa zen Joxan Artze eta diskoetako azalaren egilea Zumeta. Herritar eta bisitari guztiak gonbidatu zituzten emanaldira. Sarrera doakoa izango da.