Jaietan larriki kaltetu zutela Udarregi salatu dute ikastolak eta Udalak, ohar bateratu bidez

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 9a

Argazkiak: Udarregi ikastola/Usurbilgo Udala.

Nabarmen kaltetu zuten Udarregi ikastolaren Agerialdeko eraikina, uztailaren 3ko gauean. Gertatutakoa salatu eta gaitzetsi dute ohar bateratu bidez, Usurbilgo Udalak eta Udarregi ikastolak.

Kalte larriak izan ziren, Usurbil jai giro betean zen uztailaren 3ko gauean, Udarregi ikastolaren Agerialdeko HH eta LH zikloetako eraikinean. Ikastolako kalte larriok salatu eta gaitzetsi dituzte ohar bateratu bidez, ikastolak berak eta Usurbilgo Udalak.

"Ikastolaren bi eraikinetan gertatu ziren kalteak, ostiral gauean: hainbat leiho eta ate hautsi dituzte, baita komun bat lehertu ere, eta bestelako kalte arinak eragin dituzte, hormak pinturaz zikinduz, besteak beste", aipatu oharrean zehaztu dutenez.

Jazotakoa ikertzen hasia da Udaltzaingoa, "gertatutakoak argitzeko: inork zerbait ikusi bazuen, Udaltzaingora jotzeko eskatu dute". Halere, ohar bidez bai ikastolak eta Udalak argi utzi dutenez, "agerikoa da kalteak eragin dituztenek bazekitela nondik sartu eta kalteak eragiteko materiala non topatu zezaketen. Ateak txikituta daude; teknologia gelan hartutako mailu txikiekin puskatu dituzte leihoak, eta oraindik zehaztu ez bada ere, agerikoa da kalte ekonomiko handiak eragin dituztela. Lehenago ere kalteak eragin izan dira ikastolan, azken ikasturtean, hainbatetan ateak hautsita agertu direlako: oraingoan, areagotu egin da gertaeren larritasuna. Lehertuta agertu den komunaren kasuan, petardo batekin egin dute: zerbait larriagoa gerta zitekeen”.

“Ikastolaren komunitate osoari egindako eraso larria da"
Paraleloki, erasook gertatu berritan jarri ziren hartuemanetan Udarregi ikastola eta Usurbilgo Udala. “Ikastolaren komunitate osoari egindako eraso larria da, eta ez da onargarria. Guztion ondasun publiko baten aurkako eraso baten aurrean gaude, eta halako gertaerek ez dute lekurik gure herrian”, adierazi dute.

Herri hau ospakizun betean zen unean egindakoa "mingarria da, ulergaitza, are gehiago hezkuntzari lotutako espazio batean gertatu delako, hezkuntzaren bidez errespetua, elkartasuna edo bizikidetza bezalako baloreak bultzatzen direlako. Horiek lantzea ez da soilik ikastolaren ardura: etxean eta lagunartean ere landu behar dira”.

Asteazken honetan, uztailaren 8an biltzekoa zen jai batzordea, bizi berri izan ditugun festen balantzea egiteko. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan, "bilera horren zain, esango nuke, oro har, festak ondo joan direla, baina esango nuke ikastolako gertaerek balorazio on hori mikaztu egin dutela”. Izan ere,  “benetan larria da gertatu dena: zer pentsatua eman beharko liguke guztioi”.