Beste bero.bolada baten atarian egon gaitezkeela ohartarazten hasia da Euskalmet meteorologia agentzia. Momentuz, larunbaterako, uztailaren 11rako, Gipuzkoa barnealdea alerta laranjaren eraginpean eta geure zonaldea abisu horian izango dela jakinarazi du, tenperatura altu iraunkorragatik, baso sute arriskuagatik eta muturreko tenperatura altuagatik. 34 graduko tenperatura izan dezakegu etzi, igandean 37 gradu izan ditzakegula iragartzen ari da aipatu meteorologia agentzia.
Aldez aurretik, ostegun honi, uztailaren 9ari dagokionean, abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik", arratsaldeko 17:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, Euskalmet-en arabera, "baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea, bereziki barnealdean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta baliteke zenbait lekutan handiak izatea. Txingorra (2-6 zentimetro) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-100 kilometro orduko)".
Egunotarako iragarpena
Euskalmet-en arabera, beraz, ostegun honetan, uztailaren 9an, "zerua partez hodeitsu egongo da, arratsalde-gauean bero-hodeiekin. Behe-hodeien tarteak agertuko dira. Arratsalde-gau partean noizbehinka zaparrada txiki-ertain eta trumoitsuak bota ditzake. Kostaldean mendebal-osagaikoa. Arratsaldean ipar-osagaiko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".
Ostiralean, hilaren 10ean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, arratsaldean ipar-osagaikoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Larunbatean, hilaren 11n, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu agertuko da behe-hodeiekin, batez ere goizean goiz. Goizaldean eta goizean goiz norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, hego-osagaia nagusituz; gainerako orduetan eki-osagaiko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.