Iazko abenduan onarturiko aurtengo ordenantza fiskalen baitan, bi aldaketa txertatzea hasieraz onartu zuen udalbatzak, iragan apirilaren 30eko osoko bilkuran: batetik, 2023an hasitako bideari jarraiki, ikastaroetako prezioak eguneratzea eta ikastaro berrientzat (skatea, OKI edo oreka, koordinazioa eta indarra, emakumezkoei zuzendutako oinarrizko indar entrenamendua eta entrenamendu funtzionala) prezio publiko berriak sortzea.
Udalbatzak behin-behinean hartutako erabaki hura jendaurrean jarri zuten, maiatzaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Udalak jakinarazi zuenez.
Iragarki horren bidez ohartarazitakoaren arabera, erabaki hori aztertu nahiz erreklamazioak aurkezteko 30 laneguneko epealdia zabaldu zuten, biharamunetik, hilaren 19tik zenbatzen hasita. "Jendaurreko informazio epea erreklamazio edo iradokizunik gabe igaroko balitz, erabakiak behin betikoak joko dira akordio berriak hartzen ibili gabe", berri eman zuen Udalak.
Halaxe gertatu dela, jakinarazi du Udalak ostegun honetako, uztailaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. "Arauzko informazio publikoko epea amaitu eta erreklamaziorik jaso ez denez, behin betirako onartu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratze datatik aurrerako eraginez, 8. ordenantzan eginiko aldaketak". Aldaketa horiei buruzko xehetasunak ere argitaratu ditu Udalak GAO bidez.