Aritzeta erosi eta "medikuaren etxea" salduko du Udalak

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 9a

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Udalbatzak onarturiko kreditu gehigarri baten baitan, Aritzeta erosiko du Udalak. Hori finantzatzeko bere jabetzeko "Medikuaren Etxea" salduko du. Partida gehiago ere iragarri dituzte eta horiek finantzatzeko beste iturri bat ere bai; Oiardoko sutearen harira jasotako kalte-ordaina.

Ondasunen salerosketa ere izan zuen udalbatzak hizpideen artean, ekainaren 25eko osoko bilkuran. Milioi bat euroko kreditu gehikuntza onartu zuten gehiengo osoz (EHBildu alde eta PSE zein EAJ abstentzioa). Horren baitako "partida ia gehienak berriak dira", jakinarazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Nabarmendu zituenen artean dira, haur parkeak berritu (15.000 euro), brigadarentzako ibilgailua erosi, haur eskolaren harira Udarregirekin hautsi beharreko kontratuak eragindako kalte-ordainei (50.000 euro) edota udal langileen soldata igoerari aurre egitea ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, "garai zailak" bizi dituen tokiko merkataritzaren erreleboa sustatzeko 36.000 euroko partida iragarri zuen. Izan ere, "tokiko mertakaritzan ari diren pertsona gehienak erretiroaren atarian daude". Horregatik, "Usurbil Zabalik" izeneko dirulaguntza lerroaren baitan, haien "ondorengotza horiek ziurtatzen" lanketa horretan dabil Udala, Hurbilagorekin, Beterri Buruntza mankomunitatearekin eta Siadecorekin lankidetzan. 

Erabilera zehazteke
Horrekin batera, kreditu gehigarri horretako 250.000 euro Sutegiri itsatsitako argazkiko Aritzeta erostera bideratuko ditu gobernu taldeak. "Ez da ohikoa Udalak ondasunak erostea", adierazi zuen alkateak ekaina amaierako osoko bilkuran. Haren jabeek duela hilabete batzuk udaletxera jo zuten saldu nahian zebiltzala eta ea Udalari erostea interesatuko zitzaion galdetzera, "batez ere eraikin eta espazio publikoz inguratutako eraikina" dela ikusita. Tasazio batek erabaki zuen salmenta prezioa. Gaia aztertu zuen Udalak eta "egindako eskaintza oso onuragarria" zela iritzi zioten. "Eraikina erosi eta jabeekin adostasunera heltzea oso erraza eta erosoa izan da", gobernu taldearen esanetan. Oraindik ez dute erabaki zertarako baliatuko duten, aurrerago, "gerora ikusiko da zer erabilera eman". 

"Mediku Etxearen" salmenta
Kreditu gehigarri hau bi bideetatik finantzatu asmo du udal gobernu taldeak. Iazko abuztuan, Oiardo kiroldegian izandako sutearen harira asegurutik 650.000 euro jasoko ditu Udalak, ehuneko ehuna alegia. Horrekin batera, Aritzeta erosi baina aldi berean, udaletxe ondoko udal jabetzako "Mediku Etxea" saldu egingo du Udalak. Garai batean, DYAk edo gerora Andatza mendi taldeak erabilitako eraikina hutsik izan da azken urte luzeotan. Udalak aztertu zuen ea egokia izan zitekeen udal zerbitzuren bat bertan kokatzea, baina zailtzat jotzen zuten, irisgarritasuna bermatu beharreko bi solairuko etxebizitza izanik. "Etxe hutsen lanketa betean da udala, etxe hutsak merkaturatzeko lanketan gaude" eta saltzea erabaki du. Halako ariketa bat egiten duen lehen aldia da gobernu taldetik aditzera eman dutenez. Tasazioa egina dute. Udazkenean, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) indarrean jartzean saldu ahalko dute. "Badago galera bat, baina herriak irabazten duena askoz gehiago da, Aritzeta erosteko apustua egin dugulako".

Udalbatzak hasiera onarturiko erabakia jendaurrean jarri du hamabost langunez, ostegun honetatik, uztailaren 9tik zenbatzen hasita, atzoko, hilaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuenez.