2026-27

Usurbil K.E.-ren lehen nazional mailako senior mutilek zehaztua dute denboraldi berriaren abiapuntua

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 10a

2026-27 denboraldi berrira norekin lehiatzen hasiko diren eta nortzuekin jokatu beharko duten zehaztu dio Espainiako Eskubaloi Federazioak Usurbil K.E.-ren lehen nazional mailako senior taldeari.

Espainiako Eskubaloi Federazioak lehen nazional mailako senior taldeen egutegia definitu du, ostegun honetan, uztailaren 9an eginiko zozketa bidez. Lehenengo partida nortzuen artean jokatuko diren zehaztu du zozketa horrek, eta honenbestez, baita talde bakoitzaren hurrengo 2026-27 denboraldiko neurketen hurrenkera.

Gogoan izan, lehen nazional mailan lehiatzen segiko du Usurbil K.E.-ren senior mutilen taldeak. C multzoan lehiatuko da segidan duzuen gainerako taldeekin batera. Lehen partidan Uharte izango dute lehiakide.

Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez, "denboraldi berriari begira prestatzen hasi da" taldea. Abuztuaren 3an ekingo diote aurredenboraldiari, "Urnietan, Usurbilgo Oiardo Kiroldegia itxita baitago. Lehen entrenamenduetatik aurrera, talde teknikoak erritmo fisikoa berreskuratzen eta jokoaren oinarriak lantzen hasiko da, ligako lehen jardunaldiari ahalik eta egoerarik onenean heltzeko". Izan ere, "aste gutxiren buruan Oiardoko kantxak berriro hartuko ditu 1. Nazional Mailako eskubaloiaren emozioak. Usurbil KEk ilusio berrituta ekingo dio denboraldiari, eguneroko lanaren eta taldearen nortasunaren bidez beste urte batez mailan erreferente izaten jarraitzeko asmoz".

Datorren denboraldian ere, "neste urte batez, Oiardo izango da taldearen norgehiagoken etxea. Azken denboraldietan erakutsi den bezala, zaleen babesa funtsezkoa izango da etxeko partidak indargune bihurtzeko. Klubak berriro ere harmailak giroz betetzea espero du, herriaren eta taldearen arteko loturak indartzen jarraitzeko", Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez.

Aldaketak
Zehaztu dutenez, "aurtengo ligak bi berritasun nabarmen izango ditu iazko denboraldiarekin alderatuta. Gipuzkoako ordezkaritza bi taldetan murriztuko da, Zarauzko Amenabar ZKEk Ohorezko Zilarrezko Mailara igoera lortu baitu, eta Donostiako Egiak, berriz, maila galdu duelako".

Aldiz, "haien lekua bi talde berrik hartuko dute: Nafarroako Doneztebeko Errekak eta Bizkaiko Loiuko Urdanetak. Bi klubek igoera lortu ondoren egingo dute debuta 1. Nazional Mailan, eta hasieratik bertatik aurkari lehiakorrak izango direla aurreikusten da".

Denboraldi ezberdin eta berezia izango da eskubaloi taldeen bilgunetik gaineratu dutenez, "Iñigo Morenorentzat. Klubeko entrenatzaileak lehen aldiz zuzenduko du Usurbil KE-ren lehen taldea 1. Nazional Mailan, ilusioz eta arduraz helduz erronka berriari". Pozik eta motibatua ageri da. "Taldearen oinarria ona da, jokalariek lanerako gogo handia dute eta uste dut hazteko tarte handia dugula. Lehen helburua talde lehiakor bat eraikitzea izango da, gure nortasunarekin jokatuko duena eta partida guztietan puntuak lortzeko borrokatuko dena. Horretarako, eguneroko lanean jarriko dugu arreta", Usurbil K.E. bidez jakinarazi duenez.

Multzoan izango diren talde aldaketei dagokienean, Morenok eskubaloi taldeen bilguneen bidez gaineratu duenez, "Amenabarren igoerak poz handia ematen dit. Gipuzkoako eskubaloiarentzat albiste bikaina da, urte askotako lanaren aitortza delako. Egiaren jaitsierak, berriz, pena ematen du; derbiak beti izaten dira bereziak eta lehiakortasun handiko partidak eskaintzen dituzte". Multzora batutako taldeei dagokienean, "Erreka eta Urdaneta ez dira ezezagunak. Oinarri sendoa duten klubak dira eta igoera merezimenduz lortu dute. Kategoria berria izango dute, baina ilusioz etorriko dira eta ziur nago hasieratik bertatik maila emango dutela. Liga oso parekatua izango da, eta aurkari guztiek eskatuko dute gure bertsiorik onena".

Usurbil K.E.-ren 2026-27 denboraldia
C multzoan lehiatuko da
Saizar Usurbil K.E. – Uharte
Trapagarán E. – BM. Barakaldo
BM. Tarazona – Anaitasuna
BM. Romo Broker Kirol – Erreka
Tolosa C.F. Eskubaloia – Ereintza Aguaplast
Urdaneta – BM. Loyola
Eibar Eskubaloia – Il Capo Hondarribia-Bidasoa
Beti-Onak – Labarra Nikol Pulpo K.E.