Bero-bolada bueltan datorkigu berriz. Oraingo hau, ordea, ez da ekaina amaierakoa bezain muturrekoa izango, ez iraupenaren ezta intentsitatearen ikuspuntutik ere. Halere, abisu eta alerten artean joango zaigu asteburua, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Larunbatean nahiz igandean, abisu horiaren eraginpean izango gara (larunbatean, alerta laranja izango dute indarrean Gipuzkoa barnealdean). Zehazkiago esanda, hiruna abisu hori izango ditugu indarrean uztailaren 11n eta 12an, hurrenez hurren:
Uztailak 11, larunbata
-Abisu horia baso sute arriskuagatik egun osoan.
-Abisu horia muturreko tenperatura oso altuagatik, 12:00-20:00 artean.
-Abisu horia tenperatura altu iraunkorragatik egun osoan.
Uztailak 12, igandea
-Abisu horia baso sute arriskuagatik egun osoan.
-Abisu horia muturreko tenperatura oso altuagatik, 12:00-19:00 artean.
-Abisu horia tenperatura altu iraunkorragatik egun osoan.
Astebururako iragarpena
Beroa izango dugu asteburu honetan. Larunbatean 30 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu Usurbilen, igandean, 36 gradu izan ditzakegu. Iluntzeetan, ostiraletik larunbaterako gau partean eta goizaldean, 20 graduz azpiko tenperatura izan dezakegu, baina larunbatetik iganderako tarte horretan 30 gradu izan ditzakegu.
Abisu horien bezpera honetan, uztailaren 10ean, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, arratsaldean ipar-osagaikoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Larunbatean, hilaren 11n, "zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin. Egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu agertuko da behe-hodeiekin, batez ere goizean goiz. Goizaldean eta goizean goiz norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, hego-osagaia nagusituz; gainerako orduetan eki-osagaiko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Etzi, hilaren 12an, "hauts-gandua ager daiteke. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Arratsalde-gauean bero-hodeiak garatuko dira eta baliteke zaparrada trumoitsuak egitea. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldean baliteke Kantauri isurialdean mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatzea. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira, bereziki Kantauri isurialdean. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.