Asteburuko bero egunak ekaitz arriskuarekin borobildu ditzakegu. Izan ere, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara igande arratsalde eta gau partean, 17:00etan hasita gauerdira arte hain zuzen. Tarte horretan, "zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki mendebaldean. Txingorra egin dezake (2-4 zentimetro) eta haize bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-90 kilometro ordukoak)".
"Freskoago"
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, 30 gradutik gorako tenperaturarekin biziko dugun azken eguna izango da igande honetakoa, uztailaren 12koa. "Baliteke hauts-gandua agertzea. Zerua tarteka hodeitsu egongo da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Eguerditik aurrera bero-hodeiak garatuko dira. Zaparradak egin ditzake han-hemenka, bereziki egunaren bigarren partean eta mendebaldean non trumoitsuak, eta zenbait lekutan handiak izan daitezkeen txingorrarekin. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin, bereziki ekialdean; arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da eta indartu egingo da, bolada gogorrekin. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".
Astelehenean, hilaren 13an, "zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean ipar-osagaira egingo du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".
Asteartean, hilaren 14an, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Goizaldean, goizean goiz eta azken orduetan behe-hodeien tarte hodeitsuak. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da. Arratsaldean haizeak ipar-osagaira egingo du ahul-bizi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.