Bi atxilotu eta ikertu bat, sendagaien legez kanpoko trafikoagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 12a

Argazkia: Ertzaintza.

Sendagaien legez kanpoko trafikoagatik, "osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita" bi atxiloketa izan ziren ostiralean Usurbilen eta hirugarren bat ikerketapean du Gipuzkoan Ertzaintzak.

Sendagaien legez kanpoko trafikoari lotutako ustezko delitu baten baitan eginiko ikerketaren harira, bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Usurbilen "osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita" eta hirugarren bat ikerketapean da Gipuzkoan. Bi atxilotuak Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte igande honetan, uztailaren 12an. Artean, Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen du.

Trasteleku baten miaketa
Atxiloketak iragan ostiral goizaldean izan ziren, uztailaren 10ean. "Hernaniko ertzain-etxeko patruilek furgoneta bat aurkitu zuten garaje batzuen ondoan, Usurbilen, eta gidaria identifikatu zuten", azaldu du ohar bidez, Ertzaintzak. Iturri beraren arabera, "Euskaditik kanpoko beste erkidego batera joan zen zama bat jasotzera. Agenteek egiaztatu zutenez, barruan tamaina handiko sei poltsa zeuden, sendagai ezagun baten gutun-azalez betetako beste poltsa batzuk zituztenak; 20.000 gutun-azal inguru izan zitezkeen".

Horren ostean, "ertzainek ustez furgonetako gidariari merkantzia hori" emandakoa identifikatu zuten. "Hark lortzen zuen botika Gipuzkoan, ondoren saltzeko eta legezko zirkuitutik kanpo ateratzeko".

Horrez gain, Ertzaintzaren arabera "baimena lortuta", atxiloketen egun berean, udalerri honetako trasteleku batera sartu ziren "ikerketako eta herritarren babeserako agenteak". Bertan, "kartoizko 22 kaxa aurkitu zituzten, eta bakoitzak 20 unitateko medikamentuaren 72 pakete zituen, guztira 31.680 gutun-azal. Usurbilgo Udaltzaingoak, bestalde, beste sendagai-kutxa bat eman zion Ertzaintzari, 830 bat gutun-azal lote-zenbaki berarekin, polizia-ikerketetan ere aurkitu zituztenak".

Ertzaintzatik azaldu dutenez, "medikamentuaren jatorriari buruzko ikerketa-kudeaketak egin ditu Gipuzkoako Farmazia Banatzailearekin lankidetzan. Bilaketa horiei esker, Gipuzkoako herri bateko farmazia bat aurkitu zuten, azken bi urteetan produktu horren eskaera handiak egin zituena". Hortik ondorioztatu dute, farmazia horren arduradunak eman zizkiola aipatu sendagaiak "Usurbilen gordetzen zuen pertsonari, eta, beraz, polizia-atestatuaren eginbideetan ikertzen ari da".