Hamahiru pilotari lehian jarriak ditu Plazandreak pilota txapelketak. Duela astebete abiatu zen, uztailaren 6an. Abuztuaren 10era arte, astelehenero jokatuko dira lehia horren baitako neurketak, Bilboko Esperantza pilotalekuan. Gaurkoa, hilaren 13koa honenbestez, bigarren jardunaldi eguna izango da eta bertan debutatuko du herrikide batek; Miriam Arrillaga Belokik hain zuzen.
Binakako modalitatean parte hartuko du Aldairekin batera. Salsamendi-Capellan bikotearekin neurtuko dira astelehen honetan, uztailaren 13an. Astebete barru, bigarren partida jokatuko dute, hilaren 20an aipatu moduan; kasu horretan, Zabaleta-Mendizabal bikotea izango dute aurkari.
Gainerako bikoteek (guztira lau) ere bina partida jokatuko dituzte asteotan. Gauza bera gertatuko da banaka lehiatuko direnen artean ere. Lau t´erdian ariko dira guztira lau pilotari, haietako bakoitzak bi partida jokatuko ditu uztaileko astelehenetan zehar.
Guztira lau jardunaldiz osatua egongo da lehen fasea. Banaka eta binaka partida bana jokatuko dituzte parte hartzaileek, uztaileko astelehen guztietan, hilaren 6tik 27ra. Abuztuaren 10ean izango da Plazandreak txapelketako final nagusia. Eskuz binaka zein banaka lau t´erdian partida gehien irabazitakoak izango dira sailkapen buruan helduko direnak azken txanpa horretara.
Aipatu txapelketaren laugarren edizioko saio guztiok Euskal Telebistak eskainiko ditu ETB1 eta ETB On kateen bidez, astelehen gauero 22:15etan hasita, abuztuaren 10era arte. Elena Azpeitia eta Diego Álvarez de Arcaya kazetariek egingo dute neurketon kontakizuna.
