Miriam Arrillaga Belokik garaipenarekin ekin dio Plazandreak txapelketari

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 14a

Miriam Arrillagak eta Amaia Aldaik Plazandreak txapelketako lehen neurketa irabazi dute. Uztailaren 20an jokatuko dute bigarrena.

Garaipenarekin ekin dio Miriam Arrillaga Belokik Plazandreak txapelketari. Bart ikusi ahal izan da ETB bidez bere estreinako partida. Amaia Aldairekin batera Laia Salsamendiri eta Andrea Capellani bikotearekin lehiatu ziren. 22-13 izan zen azken emaitza. Lau t´erdiko neurketa jokatu zen segidan; Goiuri Zabaleta nagusitu zitzaion Itxaso Erasuni. 18-14 izan zen azken emaitza.

Arrillaga Belokiri dagokionean, astebete barru jokatuko du hilaren 6an abiarazitako Plazandreak txapelketako hurrengo jardunaldia. Hilaren 20an bigarren partida horretan, Zabaleta-Mendizabal bikotea izango dute aurkari. 

Lau jardunaldi eta finala
Hamahiru pilotari lehian jarriak ditu Plazandreak pilota txapelketak. Duela astebete abiatu zen, uztailaren 6an. Abuztuaren 10era arte, astelehenero jokatuko dira lehia horren baitako neurketak, Bilboko Esperantza pilotalekuan. Atzokoa, hilaren 13koa honenbestez, bigarren jardunaldi eguna izango zen.

Guztira lau bikote lehiatuko dira eta bina partida jokatuko dituzte asteotan. Gauza bera gertatuko da banaka lehiatuko direnen artean ere. Lau t´erdian ariko dira lau pilotari. Haietako bakoitzak bi partida jokatuko ditu uztaileko astelehenetan zehar.

Guztira lau jardunaldiz osatua egongo da lehen fasea. Banaka eta binaka partida bana jokatuko dituzte parte hartzaileek, uztaileko astelehen guztietan, hilaren 6tik 27ra. Abuztuaren 10ean izango da Plazandreak txapelketako final nagusia. Eskuz binaka zein banaka lau t´erdian partida gehien irabazitakoak izango dira sailkapen buruan helduko direnak azken txanpa horretara.

Aipatu txapelketaren laugarren edizioko saio guztiok Euskal Telebistak eskainiko ditu ETB1 eta ETB On kateen bidez, astelehen gauero 22:15etan hasita, abuztuaren 10era arte. Elena Azpeitia eta Diego Álvarez de Arcaya kazetariek egingo dute neurketon kontakizuna.