Duela 50 urte, Mikel Laboak, Artze anaiek edota Jose Luis Zumetak lankidetzan sortutako "Ikimilikiliklik" sentikariarekin "elkarrizketan sorturiko ikuskizuna; "Ikimilikiliklik Vol.2" izenekoa, Loraldiak ekoitzitakoa ekarriko dute herriko plazara larunbatean, hilaren 18an 22:30etan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eta NOAUA! Kultur Elkarteak. "Ikuskizuna Usurbilen eskaintzeak esanahi artistiko, kultural eta emozional berezia izango du", iragarri zuen, euskal sorkuntzaren erakusleiho izatetik haratago, "sortzaileak elkartu, sormena bultzatu eta ekoizpen berriak bultzatzen dituen eragile aktibo" gisa definituriko Loraldiaren ordezkariak. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean ariko dira, Iñaki Salvador, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro, Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce.
Argi zuten, sentikari haren 50. urtemuga gerturatzean, "jatorrizko sortzaileek izan zuten baimen bera eman behar geniola gure buruari, garaikideak, esperimentalak eta ausartak izateko". Horren emaitza da emanaldi berria; "duela 50 urteko ausardiaren eta gaur egungo sorkuntzaren arteko zubi artistikoa bada". Esanguratsutzat jo dute ikuskizun hau udalerri honetan eskaintzea. Batetik, "hemen bizirik daude, Ez Dok Amairuren, Artze anaien, Mikel Laboaren eta Jose Luis Zumetaren arrastoak". Bestalde, antzokietarako sortutako emanaldia plaza ireki batera ekarriko dute eta horrek teknikoki nahiz artistikoki, egokitzapen lan handia eskatuko die. Erronka handitzat jo dute; "esanahi berria emango dio ikuskizunari". Horretarako, "espazioa berrirakurri, argia, soinua eta zuzeneko irudiak egokitu eta ikuskizunaren atmosfera kalean berreraiki behar izango dugu".
"Ez Dok Amairuren Usurbil"
Ikuskizun honen berri izatean, "zalantzarik ez genuen izan, Usurbil bazela hori eskaintzeko plaza egokia", adierazi zuen agerraldi berean NOAUA! K.E.-ren kudeatzaile Alaitz Aizpuruak. Antzokitik plaza irekira ekartzeko erronka proposatu zien Loraldiakoei. "Euskal kultura da 650 Usurbil Bizi proiektuaren ardatzetako bat eta gure lanaren helburu nagusietako bat Usurbil izan denaren transmisioa da", bere esanetan, "egungo Usurbil ulertzeko ezinbestekoa". Helburu bera du baita 30 urte betetako kultur elkarte honek; beraz, "bi proiektuek bat egiten dute", Aizpuruaren esanetan.
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietarentzat, erabat bat dator hitzordua 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin, "Usurbil ezberdin asko" ezagutzeko aukera ematen baitu; tartean, "Ez Dok Amairuren Usurbil ere". Hain zuzen, "Usurbil Ez Dok Amairuren herria ere badela" aldarrikatu zuen, hein handi batean, mugimendu horren sorterria izan zelako eta mugimendu horretako kide, frontoi atzeko muralaren egile zein herrikide Jose Luis Zumeta, Artze anaiak edota haiekin hartueman estua izandako Mikel Laboa edota Udarregiren omeneko eskulturaren egile Remigio Mendiburu. Laboaren sormen lanei hitzak jarritakoa zen Joxan Artze eta diskoetako azalaren egilea Zumeta. Herritar eta bisitari guztiak gonbidatu zituzten emanaldira. Sarrera doakoa izango da.
Argi dioten moduan, "ez da omenaldi bat, ezta birjarpen bat ere". Antolatzaileek Usurbilgo jaien atarian iragarri moduan, "jatorrizko Ikimilikiliklik bidekidekariarekin elkarrizketan sorturiko ikuskizuna izango da", 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eta NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, uztailaren 18an 22:30etan Dema plazan ikusi ahalko duzuena.
"Ikimilikiliklik originalari zor diogun minimoa beraiek jokatu zuten bezain garaikide jokatzeko baimena hartzea da. Errespetuz begiratzen diogu bai ondareari, bai praktikatzen zuten ausardia artistikoari ere".
Duela mende erdiko "Ikimilikiliklik" sentikariari buruz ari da hurrengo astean Dema plazan ikusiko dugun emanaldiaren ekoizlea, Loraldia. Duela 50 urte Usurbilekin lotura estua izandako sorkuntza lan hau plazaratu zuten Mikel Laboak, Artze anaiek, Jose Luis Zumetak... Bakoitzak zekienetik eginez, askotariko arte diziplinak uztartu zituzten ikuskizun berritzaile hartan; musika, poesia, ikus-entzunezkoak, artea, txalapartaren erabilera berri bat... Urrutira heldu ziren. "Sormen honekin Veneziako Bienalera bidaiatu zuten eta nazioarteko onespena jaso zuten".
Mende erdi geroago, "Loraldiak garai hartako esperimentazio joera bereganatuko du eta ikuskari berri bat aurkeztuko du; XXI. mendeko Ikimilikiliklik". Hala, "Ikimilikiliklik berrikusi, berrasmatu, birmoldatu nahi dugu belaunaldi ezberdinetako puntako musikariekin". Jatorrizkoan bezala, "kultur-diziplina ezberdinen uztarketan oinarrituko da lana: musika, arte-lanak, antzezpena eta ikus-entzunezkoak". Horiek denak gorpuzteko "adin, jatorri artistiko eta euskalduntze fase desberdinetakoak" elkartuko dira hilaren 18an Dema plazan, "Ikimilikiliklik ikuskizunaren eszenaratze berrian". Izan ere, "Ikimilikiliklik ausarta izango da, edo ez da izango", sortzaileen esanetan.
2025eko azaroan estreinatu zuten Iruñean, biran segi asmo dute ikuskizunarekin 2027a agurtu arte. Ibilbide horretan, Usurbilen egingo dute geldialdia hilaren 18an. Nola ez, geltoki berezia izango da, jatorrizko Ikimilikiliklik ikuskizunaren sortzaile hainbat Usurbilgo semeak izanik . 50 urte geroago ondu dutena, areto itxietarako prestaturikoa, estreinakoz, plaza ireki batean eskainiko da.
Albiste honi atxikitako Loraldiakoen bideoetan duzue ikuskizunaren aurrerapentxoa.
"Ikimilikiliklik Vol.2"
Eguna: uztailak 18, larunbata.
Ordua: 22:30.
Tokia: Dema plaza.
Gaia: Laboaren eta Artzeren mundu artistikoa gaurko begiradatik.
Iraupena: 90 minutu.
Sarrera: doan.
Antolatzaileak: 650 Usurbil Bizi eta NOAUA! Kultur Elkartea.
Jatorrizko sortzaileak:
-Abestiak: Mikel Laboa.
-Poesia: Joxean Artze.
-Arte-lanak: Jose Luis Zumeta.
Gaur egungo jokalariak:
-Ekoizpena: Loraldia.
-Zuzendaria: Edurne Azkarate.
-Zuzendari laguntzailea: Mikele Urroz Zabalza.
-Sortzaileak eszenan: Iñaki Salvador / Oreka Tx (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) / Libe Kortazar / Intza Alkain / Itziar Garaluce
-Testu berriak: Intza Alkain / Itziar Navarro / Edurne Azkarate
-Zuzenezko ikus-entzunezkoak: Itziar Garaluce
-Argi teknikaria: Vanesa Santos.
-Soinu teknikaria: Mikel F. Krutzaga.
-Jantzitegia: Idoia Beratarbide.
Ekoizpen taldea, Loraldia Koop. Elk. Txikia:
-Zuzendaritza artistikoa: Imanol Agirre.
-Ekoizpena: Aitor Narbaiza.
-Komunikazioa: Amaia Ocerin.
-Kudeaketa: Mikeldi Uribe-Etxebarria.
