Hainbat txirrindularitza proba entzutetsuk zeharkatu ohi dute udalerri hau; udaberri partean, emakumezkoen zein gizonezkoen Euskal Herriko Itzuliak. Uda partean, bestalde, gauza bera egiten dute Donostiako Klasikoko parte hartzaileek ere. 45. edizioa datorren abuztuaren 1ean jokatuko dute, hurrengo hilabeteko lehen larunbatean, beraz. Hitzordu horretan bideratuko diren txirrindulariak ere gure artetik igaroko dira, N634 errepidetik barrena hain zuzen. Hilaren 1ean, goizeko 11:00etan abiatuko dira Donostiako Bulebarretik. Antiguatik Añorgara, handik Errekaldera joko dute gero. N634 errepide horretan sartuko dira Usurbilen, 11:20 pasatxoan. Txikierdi, Kalezar nahiz herri erdigune paretik igaroko dira bide horretatik atera gabe. Aginaga zeharkatuko dute gero, Oriorantz jo aurretik.
Aurtengo proba 221,1 kilometrokoa izango da eta "4.150 metrotik gorako desnibel positibo metatua" izango du ibilbideak. "Zazpi portu puntuagarri" izango ditu, antolatzaileen esanetan. "2026ko Donostiako Klasikoa berriz ere izango da UCI WorldTour egutegiko proba zorrotzenetako bat. Etengabeko igoerak eta jaitsierak dituen profilak, alde batetik, eta igoeren laztasunak, bestetik, mesede egiten diete aparteko ibilbideei onura ateratzeko gai diren txirrindulariei, eta lasterketaren ikuskizuna zabalik mantentzen dute azken kilometroetaraino".
Munduko punta-puntako txirrindulariak batuko ditu aurtengo edizioak. "45. Donostiako Klasikoa jada prest dago datorren 2026ko abuztuaren 1ean, larunbata, mundu osoko txirrindularien elitea bilduko duen aurtengo ediziorako. Euskadiko nazioarteko txirrindularitzaren hitzordu handiak, oraingoan ere, ibilbide zail eta ikusgarria eskainiko du, WorldTour pelotoiko korrikalari onenetako onenari garaipena emango diona".
Larunbat goiz horretan, beraz, ibilgailuan mugitu behar zaretenok adi; tarte batean itxi egingo dute N634 errepidea.


