Lehen aholkuak, Usurbilen partziala izango den datorren eklipserako

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 14a

Abuztuaren 12an biziko dugun geure bizitzetako ezaugarri hauetako eguzki-eklipse bakarrari begirako zenbait aholku plazaratzen hasiak dira. Usurbildik partzialki ikusi ahalko da.

Behin baino biziko ez dugun une historikoa datorkigu abuztuaren 12an. 2183. urtera arte errepikatuko ez den eguzki-eklipsea izango da. Ondorioz, bi ilunabarreko egun historikoa biziko dugu abuztuko bigarren asteazkenean. Euskal Herrian, bereziki, Araba eta Nafarroa hegoaldean ikusi ahalko da eklipsea bere osotasunean.

Usurbili dagokionean, partzialki ikusi ahalko da. Geografia Institutu Nazionalaren arabera, eklipse hori arratsaldeko 19:31:45ean hasiko da. Une horretan, ilargia eguzkia estaltzen hasiko da. Gehien nabarmenduko den unea 20:27:21 aldera izango da, eta eguzkia 21:15:36 aldera sartuko da.

Joan-etorriak saihesteko deia
Eklipsea tarteko, joan-etorriak saihestea aholkatu du Eusko Jaurlaritzak, "herritarrei fenomenoaz dauden lekutik gozatzea". Horren harira, "beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea eta behaketa aldez aurretik planifikatzea gomendatzen da, mendebalderantz ikuspen ona duen eta oztoporik ez duen puntu hurbil bat aukeratuz".

Horrez gain, "behaketa osoan zehar eklipse-betaurreko homologatuak erabiltzea" ezinbestekotzat jo dute. Izan ere, "eguzkira zuzenean begiratzeak, Ilargiak ia erabat estali duenean ere, lesio larriak eta itzulezinak eragin ditzake erretinan, inolako minik nabaritu ez arren".

"Helburua da behaketa segurua bermatzea, osasunerako arriskuak saihestea eta euskal errepide-sarean aurreikusten den mugikortasun handiko egun batean beharrezkoak ez diren joan-etorriak murriztea".

Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearen atarian, "osasun publikoa babesteko, segurtasuna bermatzen laguntzeko eta herritarrei informazio fidagarria eskaintzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiei bidali die eklipsea modu seguruan behatzeko prebentzio-gomendio eta segurtasun-jarraibide nagusiak biltzen dituen dokumentua".

Trafiko murrizketak
Aholkuez gain, ika-mika eragin duen debeku bat ere iragarri du egun horretarako erakunde berak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak debekatu egingo du 7.500 kilogramotik gorako ibilgailu astunek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepide sarea baliatzea eklipsean egunean, abuztuaren 12an. "Murrizketa horretatik kanpo geratzen dira autobusak eta autokarrak, bai eta 2026rako oro har aurreikusitako zirkulazio-mugetatik salbuetsita dauden ibilgailuak ere, horien artean funtsezko zerbitzuak emateko direnak".

Egun horretan, "joan-etorrien kopurua nabarmen handituko dela aurreikusi denez hartu da murrizketa hori", Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Izan ere, ohartarazi dutenez, "salbuespenezko fenomenoa da, eta EAEko errepideetan trafiko handia pilatzea eragin dezake. Neurri horren bidez, zirkulazioari ahalik eta kalte gutxien eragin nahi zaio, eta bide-sareko erabiltzaile guztien segurtasuna indartu nahi da".

Debeku horrez gain, "Ertzaintzak erregulazio-neurri gehigarriak hartu ahal izango ditu trafikoaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko beharrezkoa denean".

Eguzki-eklipse horri buruzko informazio gehiago helbide honetan jaso daiteke: eklipsea.euskadi.eus/eu/home