Emankorra izan da baita Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko Joan Mari Torrealdai Bekaren bigarren edizioa. Kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko sortu zuten Joan Mariren bizilekua zen udalerri honetan.
2024. urte amaieran iragarri moduan, Euskal Herria Zuzenean festibalaren jaialdiko antolatzaileak izan ziren deialdi horren bigarren edizioko irabazleak, "EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean" izeneko proiektuarekin. "Euskal musikagintzak azken 35 urteotan izandako bilakaera" aztertu asmo zuten, beka jaso berritan zehaztu zutenez.
Egindako lanketaren emaitza, asteazken honetan, uztailaren 15ean aurkeztu dute egileek, beka deialdiaren antolatzaileekin, Jakin Fundazioko eta Usurbilgo Udaleko ordezkaritzarekin batera Potxoenean eginiko agerraldian. Alde batetik, "Uhinen ildoa" podcasta landu dute, entzungai duzuena ehz.eus atarian, baita aurrerantzean ere, EHZren kide Matilda Legardinierrek eta Aitor Servierrek jakinarazi moduan, Euskal Irratien atarian ere. Izan ere, "podcasta lizentzia librean zabaldu dugu". Izan duen harrerarekin pozarren agertu dira EHZ-ko kideak. Audio sorkuntza lan horren bidez, festibalaren alderdi ezezagunenean murgiltzeko aukera izango da.
Horrez gain, liburua plazaratu dute Elkar argitaletxearekin, iragan ekaineko Ziburuko liburu eta disko azokan aurkezturikoa, "30 urteko kontakizunarekin osatua eta baita 30 urte hauetako ehunka argazkirekin". Argitalpenaren bidez, "EHZ-ren hiru hamarkadetako bilakaera kontaturik, Ipar Euskal Herriaren historia kontatu dugu gure ikuspegitik. Hiru hamarkadetan asko izan dira gertaera sozial, kultural eta politikoak eta ulertzen dugu, nolabait, hemen jasota daudela".
Horrekin guztiarekin batera, hirugarren euskarri komunikatibo batekin EHZren iragana soilik ez, oraina ere jorratu nahi izan dute. Izan ere, dokumental bat prestatzen ari dira, urte amaieran plazaratu asmo dutena. "Ikasturte osoan grabatu dugu, EHZ-ren 30. urteurreneko festibal honen prestaketa lana nolakoa izan den. Nolabait, gaur egungo antolatzaile belaunaldiaren erretratu bat egingo dugu ikusteko, gaur egun, EHZ-n gabiltzan gazteok zer kezka dugun euskal kulturgintzaren, militantzia ereduaren inguruan, nola sustraitzen garen eskualde batean eta beste hamaika gai".
Auzolanean laguntzaile gehiagorekin sorkuntza lan guztiok plazaratuta, Servierren esanetan, "ikusi dugu EHZ-ren esperientzia xume baina oparo hau, umiltasunetik diogu, izan daitekeela inspirazio edo irakaspen iturri Euskal Herriaren luze zabalean kulturgintzan eta herrigintzan dabiltzanentzat. Pozik gaude ondare hau denon eskura uzteko aukera honengatik".
Ohoretzat jo dute beka hau jaso izana, batez ere erreferentetzat jotako deialdiko protagonista Joan Mari Torrealdai izanik. "“Euskal kulturgintzaren langile nekaezin horren ondarea gure egiten dugu”. Horrekin batera, bidelagun izandako Jakin Fundazioa eta Usurbilgo Udala eskertu dituzte eskainitako laguntzagatik.
"Guretzat ere aberasgarria izan da"
Beka deialdiaren sustatzaileek ere eskerrak helarazi dizkiete bigarren edizioko irabazleei, "lana fin egin dutelako, lan handia zutelako, bestela ere azken urte honetan 30. urteurreneko festibala bera osatzearekin eta hala ere, erantzun diotelako bikain bekaren proiektuari. Guretzat ere aberasgarria izan da, auzolanean eta militantzia handiz egindako proiektu baten bidelagun izatea, zentzu xume honetan bada ere", Jakin Fundazioko ordezkari Haritz Azurmendik adierazi duenez.
Bere esanetan, EHZ-koen proiektuak helburu zuen "30 urteen errepasoa egitea, baina ez hainbeste nostalgiatik baizik eta pilatutako eskarmentuarekin aurrera begirako erronkei eta korapiloei helduleku gehiagorekin erantzun ahal izateko", Azurmendik adierazi duenez. Aipaturiko podcast, liburu eta dokumentalaz gain, gaineratu duenez, "polita izan da bekan ere bidean beste proiektu batzuk sortu direla" ikustea, Usurbili lotuagoak.
Erronka, "haziak ereiten jarraitzea"
Usurbilgo Udalako kultur arloko zinegotzi Jon Mikel Azpiazuk ekarri ditu xehetasunak asteazken honetako, uztailaren 15eko Potxoeneko agerraldira. "EHZko kideek beka irabazi zutenean, garbi zuten Euskal Herria osora zabaltzeko asmoa zutela haien lana, batipat kulturgintzaren eta herri mugimenduaren espazioetan, haiek ere jatorria hortxe dutelako. Ez hori bakarrik, kultur ekitaldien antolaketari lotutako tailer bat eskaintzeko prest agertu ziren eta guk oso pozik jaso genuen haien eskaintza, guretzat luxu bat baita EHZ bezalako jaialdi bat antolatzen lanean aritzen direnen eskutik ikasteko aukera izatea".
Aipatu tailer hura, Arrobitxulorekin eta Aztarrika Gazte Asanbladakoekin lankidetzan egin zuten, martxoaren 14ko Gazte Egunaren baitan, "Kulturgintzan Ekin" izenburupean. 16-20 urte arteko Usurbilgo gazteei zuzendurikoa izan zen. "Ekimen horren ideia zen, teorikoki lantzea kultur ekitaldiak nola landu eta prestatu behar diren", eta gero, tailerrean jaso eta landutakoa praktikoki gauzatzea. "Alde teorikoa, gazteekin lantzen hasiak gara, eta praktikoarekin hortxe gabiltza forma ematen, non, noiz eta nola egingo dugun. Beraz, horrekin lanean jardungo dugu hurrengo hilabeteetan. Ea zer ibilbide egiten duen", adierazi du Azpiazuk.
Gogora ekarri du, kultur edota gazte eragileei esker herri bizia dugunez, ekimen honen guztiaren helburua ere badela "haziak ereiten jarraitzea, urte askoan gure herriak bizia izaten jarraitzeko". Etorkizun horretan, proiektu eta eremu estrategikoa izango du Usurbilek, ikastola pareko zelaian; Arrobitxulo elkargunea. Herri egitasmo horrekin lankidetzan bideratu zuten martxoaren 14ko tailerra, helburuen ikuspuntutik bat egiten zutelako: "gazte astialdia garatzea, sormena bultzatzea, euskal kulturaren transmisiorako erreferentziazko gune bizi eta irekia izatea. Beraz, elkarlan hau lurreratu dugu modu honetan eta lanean jarraitzen dugu, ibilbide honi jarraipena emateko".