Joan Mari Torrealdai Beka

Jakin Jardunaldiko gaia hautatu dute datorren beka deialdirako

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 15a

Bigarren edizioko emaitza aurkezteko soilik ez, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak Joan Mari Torrealdai Bekaren hirugarren edizioa aurkezteko baliatu dute asteazken honetan, uztailaren 15ean, Potxoenean eginiko agerraldia.

Emankortzat jotako bigarren edizioaren ondotik, datorrena ere halakoxea izango den esperantzarekin aurkeztu dute Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak jada martxan den, proiektuak aurkezteko epealdia zabalik duen Joan Mari Torrealdai Bekaren hirugarren edizioa. "Ilusioz prestatu dugu, gaiarekin motibatuta gaude, besteak beste, Jakin Jardunaldiak Usurbilgo Udalarekin egiten ditugunak gai beraren bueltan antolatu genituelako".

Ekainaren 18an eta 19an izan zen. Bi eragileok UEU-ren udako ikastaroen baitan, "euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak" izeneko bi eguneko jardunaldia egin zuten Artzabalgo aretoan. "Kezka zahar" bati heldu nahi zioten; "euskararen eta euskaldunen adierazkortasunari". Usurbilgo saioen helburua, "euskara adierazkorra sortzea eta gizarteratzeko gako, irizpide eta azpiegituren inguruan pentsatzea" izan zen, baita "adierazkortasuna lantzeko bideak hiztunen legitimitatearekin, hizkuntz ideologiekin eta hautu euskaltzaleekin elkarrizketan jartzea" edota "iragan hurbileko esperientziak eta urratutako bideak ezagutzea, gaur egunerako norabideak pentsatzeko".

Beraz, duela hilabete Artzabalen eginiko Jakin Jardunaldiko gai berbera hautatu dute Joan Mari Torrealdai Beka deialdiaren hirugarren ediziorako; "euskara adierazkorra lantzeko bide berriak" izena du gaiak. Jakin fundazioko ordezkari Haritz Azurmendik azaldu duenez, "Joan Mari Torrealdai iparrorratza denez beka deialdi honetan, ikusten genuen Torrealdaik batuaren eredua sortzerakoan, helburu eta borroka gai bezala jarri zuela, euskara estandar bat sortzea, erregistro guztietarako balioko duena, baina ahaztu gabe erregistro horiek guztiek esanindarra behar dutela eta esanindar hori langai bat dela". Ildo horretan, "Joan Mari Torrealdaik berak eredu asko entsegatu zituen bai saiakeretan, artikuluetan bai hitzaldietan, estandar horren agerpen desberdinak eskaintzeko".

"Korapilo hori askatzen hasteko bidea eskaintzea"
Horregatik, beka deialdi honen bultzatzaileek Torrealdaik duela ia bost hamarkada abiarazitako bide horri egungo ikuspegitik heldu nahi izan diote. "Bide eta tresna berriak sustatzea" ahalbidetu nahi dute, "ikusten dugulako estandarraren aldaera batzuk agian badaudela nahiko egonkortuta; idatziari lotutakoak adibidez, baina hizkuntza guztietan bezalaxe, euskaraz ezinbestekoa da adierazkortasuna lantzeko kontzientzia indartzen jarraitzea, azpiegitura kultural eraginkorren multzoa osatzea eta baliabideak eta tresnak sortu bai eta batez ere, daudenak sozializatzea eta sortu behar direnak sortzea".

Horrekin batera, Jakin Jardunaldian azaleraturiko kezka bati ere heldu nahi diote; "minorizazio eta azpiegitura kultural erkin samarraren ondorioz, adierazkortasuna euskaratik lortzeko gaitasuna eta ereduak gizarteratzeko bideak ahultzen ari ote diren". Ikus-entzunezkoetako eta sare sozialetako hizkerari lotutako kezka aipatu du Azurmendik, Jakin Jardunaldian nabarmendurikoa. "Espazio kultural partekatuen hutsunea nabaritzen zen eta orokorrean ikusten zen kontzientzia hori jendaurrean arlo desbedinetatiik idatziz edo ahoz aritzean hizkuntza zaindu hori aldaera guztietan onartuta, zailagoa egiten zitzaigula euskaratik ematen jarraitzea. Erronka horren gako desberdinez hitz egiteko sortu genuen Jakin Jardunaldia", Azurmendik gogora ekarri duenez.

Hitzordu horren ondotik, "haren emaitza edo hurrengo pauso koherentea, korapiloa bistaratzeaz gain, korapilo hori askatzen hasteko bidea eskaintzea da. Joan Mari Torrealdai Bekaren hirugarren edizio honek horixe egingo du", iragarri du Jakin Fundazioko kideak.

"Sustatu nahi dugu gogoeta egiturazko bat"
Izan ere, "premiazkotzat jo da, orain arte egindako bidea abiapuntu hartuta, gaur egungo euskara adierazkorrak landu eta gizarteratuko dituzten proiektuak laguntzea beka honekin. Ikusten genuen hori norabide askotan gauza litekeela; izan daiteke adierazkortasuna euskaraz trebatzeko bide gaurkotuak eskaintzea, gazte hizkeran hau nola esango dut sortzen bazaio norbaiti non bilatua izateko baliabide bankuak izatea, horiek sozializatzeko estrategiak, lan-tresna desberdinak...".

Liburutik aplikazio nahiz webguneetara "emaitza desberdinei koherentzia emango dien ibilbide bat diseinatzen lan asko egin litezke, askotarikoak edo izan zitekeela gaur egungo behar komunikatibo formal edo informal desberdinetarako ereduak eskaintzea".

Modu batean edo bestean, argi utzi nahi izan dutenez, "aurkeztutako proiektuen atzean bereziki sustatu nahi dugu gogoeta egiturazko bat; adierazkortasuna nola, nondik, nortzuekin eta nortzuei begira landu behar den eta emaitza dena dela izanda ere, ikuspegi orokor hori sumatzea gustatuko litzaiguke". Izan ere, "bekak beti du alde bikoitz hori; kultur ikerketarako beka bat da, kultur gogoetak sustatzeko eta gogoeta horietatik abiatuta, emaitza zehatz batzuk plazaratzeko".