HarEman programan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 16a

Jatorri ezberdinetako Usurbilgo herrikideen arteko elkar ezagutzan sakontzea ahalbidetzen duen "HarEman" egitasmorako parte hartzaile bila dabil Usurbilgo Udala.

Usurbil harrera herri bilakatzeko bideari bere ekarpena egiten segiko dion egitasmorako parte hartzaile bila dabil Usurbilgo Udala; "HarEman" programari buruz ari dira. Usurbilen bizitakoak eta bizitzera etorritakoak hartuemanetan jartzen dituen egitasmoa da. Zabalduz kooperatibak dinamizatzen du.

Laugarren aldiz abiaraztera doa Udala. "Harrera herri izateko bokazioarekin, Usurbilera iritsi berriei herria eta herritarrak ezagutzen laguntzea da programaren helburua", Udaletik gogorarazi dutenez.

Zabalduz-en laguntza hasieran
Askotariko sorterrien Usurbil azaleratu eta haien guztien arteko elkar ezagutzan sakontzen du egitasmoak. Bikoteka funtzionatzen du, "Usurbilera bizitzera etorritako pertsonei herria eta herritarrak bertan jaiotako pertsona baten bidez ezagutzeko aukera ematea" baita helburua. Honenbestez, mentoreak eta mentoratuak osatzen dute bikote harreman hori; "mentoreak, herrian jaiotakoak, eta mentoratuak, beste nonbait jaio eta Usurbilera bizitzera etorritakoak" dira. Biek ala biek astean behin, elkarrekin egoteko konpromisoa hartzen dute, "bien artean adostutako hori egiteko (paseo bat eman, kafe bat hartu, herria erakutsi...)".

Harreman horrek bi fase izaten ditu; lehengoan, "harremana eraiki bitartean, Zabalduz-eko kideen laguntza profesionala izango dute, sei hilabetez".

Harrera herrirantz
Egitasmo hau Udalaren "jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" lan-ildoaren baitakoa da. "Azken urteetan hainbat lan egin dira harrera herri izateko ahaleginean. Bi eremu landu dira: udalari dagokiona eta komunitateari lotutakoa. Udalari dagokionez, egindako lanaren emaitza dira, besteak beste, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Emakumeon Etxean eskaintzen den harrera zerbitzuaerroldatzearen garrantzia azaltzeko eskuorria edo baliabideen gida berritu eta oinarrizko hiztegi bat sortu izana".

Udalak egin dezakeena asko izan arren aski ez dela eta honenbestez, komunitateak prozesu horretan zeregin eta zeresan asko duela iritzita, hortxe kokatzen du Udalak HarEman programa.

"HarEman" programan izena emateko esteka honetako galdetegia osatu beharko da:  "HarEman"
Gero, izena ematen dutenen arteko profila aztertuta osatzen dira bikoteak.

Egitasmoaz xehetasun gehiago bideotatik jaso ahalko da:
hareman@zabalduz.eus
722 446 156
usurbil.eus/eu/hareman