Etxez etxeko zerbitzua ere, zaintza eredu berriarekin bat eginik

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 16a

Etxez etxeko zerbitzua Usurbil herri zaintzaileagoa egiteko jorratzen ari den bidean lerrokatu du Usurbilgo Udalak inplikaturiko gainerako eragileekin batera. Zerbitzua hobetu dute, zaintza behar duten pertsonen eta zaintzaile profesionalak erdigunean jarrita.

Pertsona ardatz duen zaintza eredura egokitzeko, "logika horretara ekartzeko" ahalegin betean da Usurbilgo Udalaren etxez etxeko zerbitzua. Hilabete hasieratik indarrean da, "zaintzen ditugun pertsonen eta langileen ongizatea hobetuko" duen zerbitzu berritua. Udal zerbitzu horren araudia berritu, behin betiko onartu eta Arreta Zerbitzuak enpresari esleitu dio Udalak, 344.347 eurotan. Usurbil herri zaintzaileagoan bilakaraziko duen urrats berri hau, urteotan, zaintza eredu berria inplementatu eta eragile guztiak zaintza ekosistema baten bueltan artikulatzeko herrian egiten ari diren "lanketa kolektibo handiaren" baitan kokatu dute. Lanketa horrek bi ardatz ditu, Usurbilgo Udalak agerraldi bidez berriki gogorarazi zuen moduan; pertsona ardatz duen arreta eredua eta horri lotuta, berarekin bat eginiko bizi planen eta "zaintzaileen zaintza", bai zaintzaile afektiboena zein profesionalena sustatzea, eta azken horien kasuan, lan-baldintzak duintzea. Izan ere, argi denez, feminizaturiko lan arloa izanik, lan-baldintza prekarioduna da. "Sustatzen ari garen eraldaketa honek badu begirada feminista eta antiarrazista bat eta irizpide horiek gidatu dute zerbitzuaren berrantolaketa osoa, ikusgarri egin eta balioan jarri nahi ditugulako zaintza lanak". Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan, "gure premisa argia da; guztiok dugu zaintzarako eskubidea, baina ez beste pertsona baten eskubideen kaltetan. Beraz, premisa horretatik abiatuta, zaintza behar duen pertsona eta zaintzailea, biak daude gure zaintza eraldaketaren erdigunean".

Lan-hitzarmen berria
Horregatik, estrategikotzat jo dute etxez etxeko zerbitzua eraldaketa horretara egokitzeko emandako urrats hau, "jakin badakigulako, zaintza behar duten pertsonek haien etxean, haien betiko komunitatearekin bizitzen jarraitu nahi dutela. Hori bermatu ahal izateko etxez etxeko zaintzak badu estrategikotasunetik asko, nahi horri erantzun ahal izateko". Hala, hiru arrazoi nagusik bultzatuta berritu dute etxez etxeko zerbitzua, Udalak ekaina amaieran agerraldi bidez jakinarazi zuenez; "lan-hitzarmen berriak, prezioak eguneratu beharrak eta orain arte, lan jardunaren baitan kokatu arren, ordaintzen ez ziren langileen zeharkako orduak ordaintzen hasteko asmoak".

"Lan jardun osoan"
Udalaren esanetan, lan-hitzarmen berriak egungo nahiz etorkizuneko langileentzat, "soldaten eta lan jardueren hobekuntza dakar". Lizitazio horretatik eratorritako kontratua hilabete hasieran sinatzekoak ziren urtebeterako, orain arteko eredutik berriranzko trantsizio gisa planteatu dutelako. Tarte honetan, egiaztatu nahi dute eredu berria bideragarria, jasangarria ote den. "Ziur gaude baietz", adierazi zuten agerraldian, "azkenean, aldaketa honen helburua, badelako eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitatea hobetzea, pertsonen bizi-planen logikara ekartzea eta hori bermatu dezakeen alderdietako bat da, langileak beste baldintza batzuetan lanean aritzea". Izan ere, orain arte, orduka aritzen ziren langileok; aurrerantzean, ordea, "lan jardun osoan" ariko dira. Udalak estimazio bat egin du, zerbitzu honen eskariaren eta beharrezkoak diren ordu kopuruaren ingurukoa. Hortik ondorioztatu ahal izan dute, "bederatzi langileko taldea behar dugula". 

Zerbitzua zonaldeka
Hala, herria hiru zonaldeetan bereizi dute; herri erdigunea batetik, Munalurra eta Kalezar bestetik, eta, azkenik, ibilgailuz heltzea beharrezkoa izango den Aginagak, Zubietak, Santueneak eta Urdaiagak osaturikoa legoke. Zonifikaziorako, langileek "etxe batetik bestera heltzeko, gehienez ere oinez hamar minutu" behar izatea izan da baliatu duten irizpidea. Bederatzi langileko taldea, hiru lantaldeotan banatu dute. Honenbestez, aurrerantzean, zonalde bakoitzean lantalde bera ariko da jardunean. Hartara, erabiltzaileek beti erreferentziazko pertsona berdinak izango dituzte; "batek ezin duenean, lantalde bereko beste kide batek ordezkatuko du". 

Zeharkako orduak
Horrez gain, lantaldeetan aritzeak oso bakartia den ogibide honetako beharginei ekarriko die "lantalde sentsazioa izatea; kezkak, proposamenak, lantaldean egitea eta lan jardunaldika". Izan ere, orain arte "tarteko orduak ez ziren ordaintzen, artaturiko pertsonarekin egondako denbora soilik", nahiz eta tarte horietan lan horri lotutako zereginetan aritu. Aurrerantzean, aldiz, aintzakotzat hartuko dira, zeharkako lanen orduak deituriko horiek. Besteak beste, erdalduntzen doan sektorea euskalduntzea sustatu nahi dute tarte horietan, lan hauetan geroz eta emakume migratu gehiago aritzen direla kontuan izanda. Horrekin batera, zaintza lanetan jarduteak eragindako zama psikologikoa arintzen laguntzeko, aholkularitza psikologikoa jasotzeko aukera eskainiko zaie langileei. "Enpresak adierazi beharko dio Udalari ordu horiek zer eta nola kudeatuko dituen eta horri ere jarraipen bat egingo zaio". 

"Lan egiteko beste modu bat"
Arreta Zerbitzuak enpresako ordezkari Patxi Arregik gogora ekarri zuen, iaz hasi zirela eredu berrira egokitzeko lan-hitzarmen berria adosteko lanketarekin, bai Udalarekin, langileekin eta sindikatuekin. Erronka gisa definitu zuen eskuartean zutena, zerbitzu osoa berrantolatu beharko dutelako. Besteak beste, langileen figura aldatuko da, "zaintzailearen figurak beste dimentsio bat hartuko du, beste funtzio batzuk beteko dituelako. Beste balore bat ematen zaio". Enpresa gisa ere haien egitekoa aldatuko dela ohartarazi zuen. "Zaintza ekosistema oso baten baitan sartu behar da zerbitzua, lan egiteko beste modu bat izango da". Horregatik, Arregik zioenez, "guretzako aukera bat da, beste leku batzuetan ere eredu honekin lan egiteko" bidea zabal dezake eta. 

Etxez etxeko zerbitzuan lanean urteak daramaten bi langileek ere parte hartu zuten agerraldian; Maite Merkaderrek eta Arantxa Rekondok. "Urteak daramatzagu gure eskubideak aldarrikatzen. Norbaitek entzun eta emaitzak pixka bat azaleratzen hasi direla ematen du", adierazi zuen Rekondok. Langileak zerbitzuaren erabiltzaileak baino errazago egokituko direlakoan da, lantaldeen sorrerak, langile aldaketa eragingo duelako. Horregatik, "familia guztiei eskerrak eman, gu oso ondo sentiarazi gaituzte eta oso ondo eraman gara haiekin. Eskerrik asko". Gainerakoan, proiektua oso erakargarritzat eta berritzailetzat jo zuen.

Banakako trantsizioak
Zerbitzu hau jasotzen dutenei begira, "norberaren erritmo eta beharren araberako trantsizioak" iragarri zituen alkateak. Dagoeneko haiekin bilerak egin dituzte. Berrikuntza orok kezka edo urduritasuna eragin dezakeela jakitun, aldaketa hauei aukera bat ematea galdegin zuen Agurtzane Solaberrietak, aipatu agerraldian zehar. Bidea egiten joan ahala, ebaluatzen joan asmo dute. "Erabateko konfiantza dugu, Usurbilen izugarrizko zortea dugulako langile profesionalak ditugulako; beraz, batek edo besteak zaindu, ondo zainduak egongo dira" zerbitzu horren erabiltzaileak. Langileen nahiz Arreta Zerbitzuak enpresari "eredu honen alde egindako apustuagatik" eta adosturiko lan hitzarmenagatik, eraldaketa honekiko eragile guztiek agerturiko konpromisoa txalotu zuen Usurbilgo alkateak.