Urriaren 7ko eta 2027ko gainerako jaiegunen egutegia onartua

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 16a

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9an hartutako erabakia argitaratu du gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez. Gogoan izan, jaiegun berri bat izango du datorren urteak; urriaren 7a. Gainerakoan, orain arte bezala, erlijio ospakizunei nahiz Espainiako naziotasunari lotutako festa egunak izango dira.

Guztira hamalau jaiegun izango ditu datorren urteak. Horietatik hamabi Eusko Jaurlaritzak erabakitakoak izango dira, beste bat udalerriek erabakitakoa eta azkena, herrialde mailakoa. Herrialde mailako jaiegunari dagokionean, uztailaren 31 hautatu izan ohi da jaiegun gisa.

Udalerriari dagokiona, Usurbilgo udalbatzak hautatu ohi du. Urtero, uztailaren 2a izendatzea proposatzen dute Usurbilgo jaiegun gisa.

Lehen Euskal Gobernuaren 90. urtemuga
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9an eginiko bilkuran, hamabi jaiegun izendatu zituen 2027rako. Gehienak iazko berak izango dira, erlijio ospakizunei nahiz Espainiako naziotasunari lotutakoak. Baina bada salbuespen bat. Izan ere, hurrengo urteak jaiegun berri bat izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ostegunez egokituko den urriaren 7a. "Euskadiko lehen Gobernua eratu zeneko 90. urteurrena", oroituko da jaiegun horretan. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eginiko proposamena izan da jaiegun berri hori txertatzearena. Astearte honetako Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onespena eman dio berrikuntza horri. Datorren urteko martxoaren 19ko jaieguna ordezkatuko du.

2027ko jaiegunen egutegia
-Urtarrilak 1 (Urteberria).
-Urtarrilak 6 (Errege eguna).
-Martxoak 25 (Ostegun Santua).
-Martxoak 26 (Ostiral Santua).
-Martxoak 29 (Pazko Astelehena).
-Maiatzak 1 (Lanaren Eguna).
-Urriak 7 (Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena).
-Urriak 12 (Jai Nazionala).
-Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
-Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
-Abenduak 8 (Sortzez garbia).
-Abenduak 25 (Eguberri eguna).

Horrez gain: udalerri mailako eta herrialde mailako jaiegun bana izango du 2027. urteak.