Usurbilgo Sarek ekainaren 27an egin zuen uda aurreko azken mobilizazioa Mikel Laboa plazan. Hileroko azken ostiraletako hurrengo elkarretaratzea irailerako iragarri zuen. Uztailean eta abuztuan, beraz, ez da udalerri honetan preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mobilizaziorik izango, baina bai udalerri inguruetan. Izan ere, Sarek eta Etxeratek urtero moduan, Hego Euskal Herriko hondartzetara eramango ditu "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren" urteotako aldarri nagusiak ostegun honetan, uztailaren 16an iragarri duenez. "Elkarbizitza justu eta irankor baten eraikuntzan berresten gara" eta konpromiso horren isla izango dira hondartzetako deialdiok, Sareren eta Etxeraten esanetan.
Ohi bezalaxe, abuztuko lehenengo igandean izango dira elkarretaratze guztiok, egun eta ordu berean; abuztuaren 2an, eguerdiko 12:00etan. Usurbildik gertuen, Zarauzko eta Ondarretako hondartzetan egingo dira mobilizaziook. "Abuztuaren 2an Hego Euskal Herriko hamaika hondartza hartuko ditugu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin", jakinarazi dute gaur deitzaileek. Hitzordu horien guztien bidez, "euskal gizartearen gehiengoaren nahi eta beharrak islatuko ditugu hondar eta olatu artean".
"Lanean jarraituko dugu helmuga eskuratu arte"
Argi utzi nahi izan dutenez, ez da nahia bakarrik, "Euskal Herriaren behar gisa identifikatzen dugu iraganeko agertokiak atzean utzi eta elkarbizitza eszenatokietan sakontzea. Lan horretan dihardugu azken urteetan eta konpromezu horretan berresten gara".
Ekainaren 6an Arrasaten eginiko agerraldi jendetsuan iragarri moduan, Bilboko 2027ko urtarrileko manifestazio nazionalaren antzera, hondartzetako aurtengo elkarretaratzeok ere azkenak izatea nahi lukete antolatzaileek. "Urteetan zehar antolatu dugun hondartzeko mobilizazioak bere azken edizioa ezagutu beharko luke aurtengoan, justuki, agertoki horrek erakutsiko lukeelako, espetxe politika arrunta aplikatzea medio, oraindik erregimen itxian jarraitzen duten presoak kalea zapaltzen hasi eta konponbidearen bidean sakontzen ari garenaren zantzuak. Hala ere, argi adierazi nahi dugu, ezin ari gaitezkeela konponbide integralaz erbesteko auziaren konponbiderik gabe".
Horregatik, "lanean jarraituko dugu helmuga eskuratu arte, euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratu arte".