Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak 1,2 milioi euro bideratuko ditu herrialdeko hamar garapen-agentzietara bi urteotan, 2026an eta 2027an alegia, "energia berriztagarrien, energia-eraginkortasunaren eta energia-pobreziaren aurkako borrokaren arloko jarduerak garatzeko". Kopuru horretatik, %10a, beraz, Beterri Buruntzak jasoko du, guztira 120.000 euro; 60.000 aurten eta beste 60.000 euro 2027. urtean.
Beterri Buruntza mankomunitatearen baitan da Usurbilgo udalerria, baita, Andoaingoa, Astigarragakoa, Hernanikoa, Lasarte-Oriakoa eta Urnietakoa ere. Diru kopuru hori jasotzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako hamar garapen-agentziek herrialdeko Foru Aldundiarekin. "Entitate horiek Gipuzkoako 89 udalerrietatik 88 ordezkatzen dituzte, eta sareko lurralde-eredu bat finkatzen dute trantsizio energetikoaren erronkei aurre egiteko".
Bi urterako sinaturiko lankidetza hitzarmenak dira. "Horrela, egonkortasun handiagoa ematen zaie eskualde-agentziei, energiaren arloko proiektu estrategikoak planifikatu eta garatzeko". Hitzarmenon helburua da, "Jasangarritasun Energetikoaren eta Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren Estrategia indartzea, eskualdeko plangintza- eta ekintza-sare baten bidez, udalerriek laguntza teknikoa, tresna espezializatuak eta laguntza izan dezaten energia berriztagarrien ezarpenean, aurrezpenean eta efizientzia energetikoan aurrera egiteko, baita pobrezia energetikoa prebenitzeko eta zuzentzeko ere".
Besteak beste, "udalekin elkarrizketa teknikoa izatea, eskualdeko energia-plangintza bultzatzea, Energiaren Eskualdeko Mahaiak dinamizatzea eta Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Gipuzkoako Lurralde Mahaian integratzea", lan-ildo horietarako baliatuko dute Foru Aldunditik jasotako diru kopurua. "Hamar agentziek hainbat lan-ildo komun partekatuko dituzte, eskualde bakoitzean energia-erreferente gisa duten zeregina sendotzeko". Horiez gain, "eskualde bakoitzak bere errealitatera egokitutako proiektu espezifikoak garatuko ditu". Beterri Buruntzako garapen-agentziak "enpresei aholkularitza ematen, energia-diagnostikoak egiten eta energia aurrezteko ziurtagiriak kudeatzen lan egingo du".
Hitzarmen honen sinadura ekitaldian izan ziren Gipuzkoako hamar garapen-agentzietako ordezkariak. Beterri Buruntzakoa ordezkatu zuen mankomunitateko presidente eta Hernaniko Udaleko bigarren alkateorde Patxi Ibargurenek.
