Udal langileak grebara deituko dituzte berriz urriaren 8an

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 16a

"Udalhitzeko mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita daukagun greba dinamikarekin jarraituko dugu sektoreak dituen aldarrikapenak lortu arte", adierazi dute bi sindikatuek. Udal langileak grebara deituko dituzte urriaren 8an.

Mobilizazioekin hasi zuten urtea, bi orduko lanuztea egin zuten apirilean, udal zerbitzuak etenarazitako greba egun bana maiatza erdialdean eta ekaina hasieran. "Udaletako lan-baldintzak hemen erabaki. Udalhitzen eta udaletan edukiak orain!", hala zioen, ekainaren 4ko azken greba egunean udaletxe atarian esekitako pankartak.

Ordutik, aldarri horietan aurrerapausorik ez dela eman jakinarazi dute LAB eta ELA sindikatuek. Ondorioz, bi eragileok abiarazitako greba dinamikari segida ematea erabaki dute. "LABek eta ELAk erabaki dugu geldirik ez geratzea. Eudel eta alderdi politikoak mugiarazi behar ditugu, eta azken hilabeteetan ikusi den bezala, hori soilik grebekin eta langileen mobilizazioarekin gertatzen da. Zentzu horretan, uda baino lehen aurrera eraman dugun dinamikarekin irailetik aurrera jarraituko dugu".

Urriaren 8an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal sektorean, honenbestez baita Usurbilgoan ere, "egun osoko greba deialdia egingo dugu bi sindikatuok".

"Hainbat aldarrikapen oraindik ez daude mahai gainean"
Gogora ekarri dutenez, "EAEko udaletan urte asko daramagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta ondorioz, udaletako langileon lan-baldintzak okertzen doaz etengabe. Duela urte eta erdi baino gehiago Udalhitzeko mahaia eratu zen, 2010etik berritu gabe dagoen akordioa berritzeko. Bitartean, Udalhitzeko lan-hitzarmenetik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa ere egoera berdinean dago, udal batzuetan gai zehatzen inguruan lortutako akordio partzialez gain, ez da akordio integrala lortzeko eta lan-hitzarmena osotasunean berritzeko aukerarik egon".

Apirilaz geroztik abian izandako lanuzte eta mobilizazioen dinamikaz balantze baikorra egin dute, "udal langileak haien lan-baldintzak hemen hobetzeko grina dutelako. Borrokarako prest dagoen kolektibo bat islatu zen data horietan".

Mobilizazio garai horrek "negoziazioan aurrerapauso batzuk ekarri zituzten, baina hainbat aldarrikapen oraindik ez daude mahai gainean". Besteak beste, honako hauek aipatu dituzte: "azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak, euskaraz lan egin eta bizitzeko neurriak, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidea, lanaldia gehiago murriztea, errelebo kontratua eta gazteberritze planetan sakontzea falta da. Hala, urte eta erdi baino gehiagoz negoziatzen aritu ondoren, ez dira behar besteko aurrerapenak jasotzen Eudelen eta alderdi politikoen proposamenetan".

Ondorioz, horregatik, mobilizatzeko dinamikei segida ematea erabaki dute LAB eta ELA sindikatuek, urriaren 8ko greba egunarekin. "Era zuzenean interpelatu nahi ditugu EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan-baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko".