Uztailaren 19an

Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko deia, munduko futbol txapelketaren igandeko finalean

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 17a

Gizonezkoen munduko futbol txapelketako finala jokatuko den iganderako, uztailaren 19rako, mobilizazioak antolatu dira Euskal Herrian zehar, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Etxetik hasita, euskal selekzioari atxikimendua adierazteko deia egin dute.

Espainiako eta Argentinako selekzioek gizonezkoen munduko futbol txapelketako finala jokatuko dute igandean, uztailaren 19an, iluntzeko 21:00etan hasita New Yorken (AEB). Asteotan, Euskal Herri luze zabalean, tartean, Usurbilen ere bai, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko hainbat ekimen egin dira.

Igandeko final horri begira ere, mobilizatzeko deia egin dute, besteak beste, pantaila erraldoiak jarriko dituzten udalerrietan. Usurbildik gertuen, 19:00etan Donostiako Bulebarrean Bultzada TxuriUrdina taldeak mobilizatzeko deia egin du, "ofizialtasuna eta autodeterminazioa Euskal Herriarentzat" aldarripean. Izan ere, beste behin, euskal selekzioari munduko futbol txapelketan parte hartzea ukatu zaio, Munduko Kopan parte hartzeko aukera izandako estaturik gabeko hainbat nazio izan diren arren.

Halere, etxetik hasita, euskal selekzioaren ofizialtasunari atxikimendua adierazteko eta inposatutako selekziorik ez onartzeko deia egin dute, hiru ekintza xumeren bidez. Batetik, etxeko leiho eta balkoietan ikurriak jartzeko deia egin dute. Bestalde, kalera ateratzeko soinean euskal selekzioaren kamiseta jantzita eramatea. Azkenik, finala zuzenean eskainiko dutenez, telebista itzaltzeko deia egin dute igandean.

Ofizialtasunarekin bat
Hamaika ekimen egin dira azken asteotan, gizonezkoen munduko futbol txapelketa abiatuz geroztik euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Usurbilen bertan, Usurbil F.T.-ren 50. urtemuga ekimenen baitan, beteranoen arteko neurketak jokatu ziren hilaren 20an Haranen. Atxikimendu argazkia atera zuten parte hartzaileek.

Gauza bera egin zuten baita, Aitzaga elkarteak hilaren 24an gai horri buruz Sutegin antolaturiko hitzaldiaren amaieran. Gizonezkoen euskal selekzioko hautatzaile Jagoba Arrasate, mendi lasterketetako kirolari Oihana Azkorbebeitia edota Bultzada Txuriurdineko kide bat elkartu zituen, Amagoia Mujika Telleriak bideraturiko saioan. Amaieran talde argazkia atera zuten.

Ekimenok borobiltzeko, Usurbilgo jaietan, uztailaren 2an, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko "auntoke" txapelketa jokatu zuten Mikel Laboa plazan.