Garaipenarekin ekin zion duela astebete Miriam Arrillaga Belokik Plazandreak txapelketari. Amaia Aldairekin batera Laia Salsamendiri eta Andrea Capellani bikotearekin lehiatu ziren. 22-13 izan zen azken emaitza. Lau t´erdiko neurketa jokatu zen segidan; Goiuri Zabaleta nagusitu zitzaion Itxaso Erasuni. 18-14 izan zen azken emaitza.
Astelehen honetan, uztailaren 20an, jokatuko du Arrillaga Belokik hilaren 6an abiarazitako Plazandreak txapelketako bigarren jardunaldia. Partida horretan, Zabaleta-Mendizabal bikotea izango dute aurkari.
Lau jardunaldi eta finala
Hamahiru pilotari lehian jarriak ditu Plazandreak pilota txapelketak. Duela bi aste abiatu zen, uztailaren 6an. Abuztuaren 10era arte, astelehenero jokatuko dira lehia horren baitako neurketak, Bilboko Esperantza pilotalekuan.
Guztira lau bikote lehiatuko dira eta bina partida jokatuko dituzte asteotan. Gauza bera gertatuko da banaka lehiatuko direnen artean ere. Lau t´erdian ariko dira lau pilotari. Haietako bakoitzak bi partida jokatuko ditu uztaileko astelehenetan zehar.
Guztira lau jardunaldiz osatua egongo da lehen fasea. Banaka eta binaka partida bana jokatuko dituzte parte hartzaileek, uztaileko astelehen guztietan, hilaren 6tik 27ra. Abuztuaren 10ean izango da Plazandreak txapelketako final nagusia. Eskuz binaka zein banaka lau t´erdian partida gehien irabazitakoak izango dira sailkapen buruan helduko direnak azken txanpa horretara.
Aipatu txapelketaren laugarren edizioko saio guztiok Euskal Telebistak eskainiko ditu ETB1 eta ETB On kateen bidez, astelehen gauero 22:15etan hasita, abuztuaren 10era arte. Elena Azpeitia eta Diego Álvarez de Arcaya kazetariek egingo dute neurketon kontakizuna.
