Emanaldiak plaza eta gutxitan bezala, argitu zuen Usurbilgo elizaren horma. Izan ere, hitzak, soinuak eta irudiak protagonismo nabarmena izan zuten "Ikimilikiliklik Vol.2" ikuskizunean.
Bi urteurren zeharkatu zituen ikuskizunak; batetik, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin lankidetzan aritutako NOAUA! Kultur Elkarteak betetako 30 urteak. Urtemuga honek beste batera eraman gintuen, gaueko protagonistarenera. Izan ere, 50 urte bete dira, "Ikimilikiliklik" emanaldia sortu zutenetik Mikel Laboak, Artze anaiek, Jose Luis Zumetak... Veneziako Bienaleraino bidaiatu zuten musika, poesia, ikus-entzunezkoak, artea, txalapartaren erabilera berri bat... Hori guztia uztarturiko sorkuntza lan harekin.
Bistan denez, Usurbili estuki lotutakoa izan zen emanaldi hura. Batetik, Artze anaiak edota Jose Luis Zumeta parte hartzaileen artean zituen, baita Mikel Laboa ere. Herri hau "Ez Dok Amairurena" ere badela erakusten duen adierazleetako bat. Izan ere, mugimendu haren sorreran zerikusirik izan zuen Usurbilek.
Mende erdi geroago, Loraldiak "Ikimilikiliklik Vol.2" sortu du. Baina larunbatean Dema plazan argi utzi bezalaxe, "ez da omenaldi bat, ezta birjarpen bat ere". Izan ere egileek nabarmendu moduan, "Ikimilikiliklik berrikusi, berrasmatu, birmoldatu nahi dugu belaunaldi ezberdinetako puntako musikariekin". Edurne Azkarateren zuzendaritzapean aritu ziren Iñaki Salvador, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro, Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce. Estreinakoz, areto itxi batetik plaza ireki batera lekuz aldatu zuten ikuskizuna.
"Duela 50 urteko ausardiaren eta gaur egungo sorkuntzaren arteko zubi artistikoa" eskaini zieten askotariko emozioetan barneraturiko Dema plazako ikus-entzuleei. Haiek eman zioten emanaldiari, "Txoria txori" abestuz.
Aipatu moduan, 30 urte betetako NOAUA! Kultur Elkartea izan da hitzordu honen antolatzaileetako bat. Urtemugaren testuinguruan plazaratu da ikuskizun hau, baina deialdi gehiago ere izango dira uda ostean. Xehetasun gehiago, aurrerago eskainiko dizkizuegu.

















