Haur eskola, dirulaguntzak edota segurtasun gaiak, uztaileko udalbatzaren osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 20a

Usurbilgo Udaleko udalbatza hilero moduan bilduko da; oraingo honetan, ordea, ohi baino lehenago, uztailaren 23an.

Abuztuko etenaldiaren aurreko udalbatzaren osoko ohiko bilkura aste honetan. Uztailekoa urtero moduan, azken ostegunean ez, azkenaurrekoan egiten dute. Datorrena, beraz, hiru egun barrurako dute deitua, hilaren 23rako, betiko orduan eta tokian; arratsaldeko 18:00etan, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.

Oraingo honetan, haur eskola, segurtasun gaiak edota udal dirulaguntzak izango dituzte hizpideen artean.

Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, iazko udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: uztailak 23, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udalaren udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1.- 2026ko ekainaren 25eko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko ekainaren 16tik uztailaren 10era (2026/940-2026/1072).
3.- 2027 urterako herriko jaieguna izendatzea (2026IJAI0001).
4.- 2026-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2026ko eranskinaren aldaketa onartzea (2026EKDG0001).
5.- Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko EAEko Administrazio Orokorraren (Segurtasun sailarenbitartez) eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea (2026HITZ0011).
6.- Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Segurtasun Sailaren bidez) eta Erkidego horretako udalen artekoa, koordinazio eta lankidetza poliziaren arloan, Segurtasun Saileko irrati-komunikazioen sarean integratzeko (Tetra Enbor Sarea) hitzarmena onartzea (2026HITZ0011).
7.- Usurbilgo Udala eta Udarregi Ikastolaren arteko 0-3 haur-eskola zerbitzuari dagokion kontratuaren amaiera dela eta, kalte-ordainak onartzea (2024LIRZ0001).
8.- Haurreskolak Partzuergoaren eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartzea, udal haur-eskolaren integrazioa eta langileen subrogazioa gauzatzeko (2026IDOR0004).
9.- Galdera eta eskaerak.