Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko egunak

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 20a

Gizonezkoen munduko futbol txapelketako finalaren bueltan, hamaika mobilizazio egin dira Euskal Herrian barrena, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Usurbilen ere hainbat pankarta eseki dituzte, azken asteotan hainbat ekimen egin ostean.


"Gurea euskal selekzioa", hala dio Mikel Laboa plaza ondoko biribilgunearen bueltan esekitako pankarta erraldoiak. Ez da bakarra. Herrian zehar, azken egunotan aldarri beraren bueltan, halako gehiago jarri dituzte. Izan ere, esan beharrik ez da, gizonezkoen munduko futbol txapelketa jokatu dela azken hilabetean. Bart izan da finala.

Hitzordu horren harira, hamaika mobilizazio izan dira Euskal Herrian barrena, Usurbildik gertuen Donostian, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu eta honenbestez, Euskal Herriak nazioarteko lehiaketetan selekzio propioarekin lehiatzeko eskubidea galdegiteko. "7ak Baietz!" kolektiboak sustatuak zituzten deialdiok eragile gehiagorekin batera. Manifestazioez gain, finalaren emisio orduan telebista itzaldu, etxeko balkoi eta leihoak euskal ikurrez jantzi edota euskal selekzioaren aldeko kamisetekin kaleratzeko gonbita egina zuten.

Atxikimendu hitzorduak
Gizonezkoen munduko futbol txapelketa abiatuz geroztik euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimen gehiago egin dira baita azken asteotan; tartean, Usurbilen. Usurbil F.T.-ren 50. urtemuga ekimenen baitan, beteranoen arteko neurketak jokatu ziren hilaren 20an Haranen. Atxikimendu argazkia atera zuten parte hartzaileek.

Gauza bera egin zuten baita, Aitzaga elkarteak hilaren 24an gai horri buruz Sutegin antolaturiko hitzaldiaren amaieran. Gizonezkoen euskal selekzioko hautatzaile Jagoba Arrasate, mendi lasterketetako kirolari Oihana Azkorbebeitia edota Bultzada Txuriurdineko kide bat elkartu zituen, Amagoia Mujika Telleriak bideraturiko saioan. Amaieran talde argazkia atera zuten.

Ekimenok borobiltzeko, Usurbilgo jaietan, uztailaren 2an, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko "auntoke" txapelketa jokatu zuten Mikel Laboa plazan.

Final handiaren atarian, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko nahiz espainolismoaren asimilazioa salatzeko hainbat pankarta jarri dituzte herrian zehar. Haietako batek hala dio: "estatu arrotzek itotzen gaituzte". Bandera espainiar eta frantziarra ageri dira irudikatuak, gazte baten lepondoa estutu eta itoarazten.