Borroka prozesu luze honetan, orain arte ezinezkoa izandako urrats berri bat eman zuten Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek (DOPA), iragan ostiralean, uztailaren 17an. Izan ere, Osakidetzako arduradunekin bildu ziren Donostia ospitalean. Artean, plataformako hainbat kide erietxe atarian mobilizatu ziren.
Bilera amaieran, hedabideekin elkartu ziren DOPA-ren ordezkariak. Bilkurari buruzko nondik norakoen berri eman zuten. Gogora ekarri zutenez, apirilean Donostian eginiko manifestazioaren ondotik, bilera eskaera erregistratu zuten Donostialdeako ESIko arduradunarekin elkartzeko. Bi hilabete pasatxo igaro eta erantzunik ez zutenez jaso, hilabete hasieran Gasteizeko Osakidetzaren egoitza nagusira jo zuten, bertako arduradunarekin biltzeko eskaera erregistratzeko.
Handik gutxira heldu zen, baiezko erantzuna. Aipatu moduan, iragan ostiralean elkartu ziren, bai Donostialdeako zein Osakidetzaren zuzendari nagusiarekin. DOPA-ren ordezkaritzak Etengabeko Arreta Guneen nahiz Osakidetzak orohar bizi duen egoerarekiko kezka adierazi zieten. "Aspalditik datorren egiturazko arazoa da, onartzea urteak kosta zaiena", aipatu plataformako kideek gogora ekarri bezalaxe.
"Gau askotan medikurik gabe daude"
Hilabeteotan eginiko hainbat mobilizazioen bidez, Etengabeko Arreta Guneen hainbat txandatan medikurik ez dagoela salatu izan dute plataformok. Ostiraleko bileran jakinarazi zitzaien, "egoera hobetzen ari dela bolondresekin, txanden %65 estalia dagoela". DOPA-koentzat "guretzat hori petatxuak baino ez dira". Jakinarazi zitzaien "ahalegin guztiak egiten ari direla, baina guretzat ez da aski. Jakina da grebetan gutxienekoa beti medikua, erizaina eta administratiboa izatea dela eta larrialdi zerbitzuetan hori ez da betetzen. Guretzat hori larria da. Mediku falta dagoela diotenez, proposatu dizkiegu ideia batzuk mediku gehiago erakartzeko. Zerbitzu hori bermatu beharra dago eta hori ematen ez den artean, aurrez aurre izango gaituzte protestak egiten".
Beste behin, gogorarazi dutenez, EAE osoan, Donostialdeko ESIa da egoerarik okerrenean dena, medikurik gabeko lan-txanda gehien dituena Etengabeko Arreta Guneetan. "Ikusi ditugu azken hilabete eta erdiko datuak. Gau askotan medikurik gabe daude, egun osoak ere. Herritar bat hurbiltzen bada zerbitzu horretara, eta egoera benetan larria bada, erizain batekin topo egingo du eta medikua dagoen tokira bidaliko zaituzte. Bueltaka ibiliko zara. Baina herritarrak ezin gaituzte horrela ibili. Gutxienekoa den zerbitzua da, sorospen gune bat izanik, mediku batek egon behar du".
Horren harira hain zuzen, esan zitzaien nolabait, protestak eginez Osakidetzaren izena "zikintzen" ari zirela plataformok. Argi utzi dute beste behin, "gu ez goaz Osakidetzaren kontra, Osakidetzaren alde baizik. Gu Osakidetza gara. Guk Osakidetzak ondo funtzionatzea nahi dugu, gurea dena zaintzea. Guretzat publikoa eta euskalduna izan behar du. Horretan ari gara lanean eta horretan segiko dugu".
Bilerak emandakoa laburbilduz, DOPA-koen esanetan, "ideia berririk ez dugu ikusi. Okertzen ari da egoera, geroz eta medikuen hutsune gehiago dago. Borondate guztia dute bai, baina soluzio gutxi".