Udalbatzaren osoko bilkura

2027an ere, uztailaren 2a herriko jaieguna

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Ostiralez egokituko den uztailaren 2a izango da ohi den moduan, 2027ko Usurbilgo jaieguna. Hala erabaki zuen udalbatzak uztailaren 23ko osoko bilkuran.

2027ko jaiegunen egutegiak badu jada herri mailako jaieguna. Ohi bezalaxe, uztailaren 2a izango da hurrengo urtean ere. Ostiralarekin egokituko da Santixabel eguna. Gorriz ageriko zaigu egutegian. Hala erabaki zuen aho batez udalbatzak, uztailaren 23an eginiko osoko bilkuran. Izan ere udalbatzari dagokio, herri mailako urteroko jaieguna izendatzea. Aipatu moduan, beraz, uztailaren 2a izango da 2027ko Usurbilgo jaieguna.

Guztira, hamalau jaiegun izango ditu datorren urteak. Horietatik hamabi Eusko Jaurlaritzak erabakitakoak izango dira, beste bat udalerriek erabakitakoa eta azkena, herrialde mailakoa. Herrialde mailako jaiegunari dagokionean, uztailaren 31 hautatu izan ohi da jaiegun gisa. Udalerriari dagokiona, Usurbilgo udalbatzak uztailaren 2a izendatu du.

Lehen Euskal Gobernuaren 90. urtemuga
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9an eginiko bilkuran, hamabi jaiegun izendatu zituen 2027rako. Gehienak iazko berak izango dira, erlijio ospakizunei nahiz Espainiako naziotasunari lotutakoak. Baina bada salbuespen bat. Izan ere, hurrengo urteak jaiegun berri bat izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ostegunez egokituko den urriaren 7a. "Euskadiko lehen Gobernua eratu zeneko 90. urteurrena", oroituko da jaiegun horretan. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eginiko proposamena izan da jaiegun berri hori txertatzearena. Ekainaren 9ko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onespena eman zion berrikuntza horri. Datorren urteko martxoaren 19ko jaieguna ordezkatuko du.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9an hartutako erabakia argitaratu zuen uztailaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez.

2027ko jaiegunen egutegia
-Urtarrilak 1 (Urteberria).
-Urtarrilak 6 (Errege eguna).
-Martxoak 25 (Ostegun Santua).
-Martxoak 26 (Ostiral Santua).
-Martxoak 29 (Pazko Astelehena).
-Maiatzak 1 (Lanaren Eguna).
-Uztailak 2, Usurbilgo jaieguna.
-Urriak 7 (Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena).
-Urriak 12 (Jai Nazionala).
-Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
-Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
-Abenduak 8 (Sortzez garbia).
-Abenduak 25 (Eguberri eguna).

Horrez gain: herrialde mailako jaiegun bana izango du 2027. urteak.