Udalbatzaren osoko bilkura

Lerro berri bat, Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Lerro berri bat txertatzea onartu du udalbatzak, Usurbilgo Udalak 2026-28 urte arterako onarturiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan.

Usurbilgo Udalak 2026-28 urte arterako onarturiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan aldaketa bat txertatzeari bide eman zion udalbatzak uztailaren 23ko osoko bilkuran. Izan ere, lerro berri bat txertatzea onartu zuten aho batez.

Udal gobernu taldetik saio horretan azaldu zutenez, "Udalak 2025eko ekainean Usurbilgo merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduen egoeren azterketa bat eskatu zuen etorkizuneko aurreikuspena izateko". Ondorio argi batera heldu zen azterketa hura;  "5-10 urtera Usurbilgo negozio txiki askoren itxiera" aurreikusi zuen.

Testuinguru horretan, "herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzu horien jarraipena bermatzeko Udalak Beterri Buruntza mankomunitatearekin zein Hurbilago elkartearekin dirulaguntza oinarri batzuk landu ditu eta dirulaguntza lerro horren bidez, ondorengotza lantzeaz gain, ezagutzaren transferentzia ere jasotzen da bertan".

Dirulaguntza lerro berri hau "lehenbailehen" indarrean jartzeko, Udalak 2026-28 urte arterako onarturiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan txertatu behar da.

Hiru lerro
Usurbilgo Udaleko garapen ekonomiko eta enplegu sailak landutako dirulaguntza berri honen bidez, batetik, "Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien iraunkortasuna sustatu nahi da, belaunaldi erreleboko prozesuen bidez finkatuta dauden jarduera ekonomikoen transmisio ordenatua erraztuz". Bigarrenik, "Usurbilen ezarriak dauden eta bideragarriak diren tokiko zerbitzu txikien itxiera saihestu nahi da, herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzu horien jarraipena bermatuz. Horretarako transmisioaren ondorengo hasierako fasean egonkortzen lagundu eta jarduerari atxikitako enpresa ezagutza behar bezala transferitzen lagunduko da".

Hiru lerro izango ditu: batetik, "negozioa eskualdatzeari dagozkien gastuen dirulaguntza"; bigarrenik, "lokalaren alokairu edo erosketa gastuen dirulaguntza"; eta, azkenik, "negozioaren ezagutza transmititzearekin lotutako" gastuentzako dirulaguntza. Guztira, 35.800 euroko udal dirulaguntza lerroa izango da.