Udalbatzaren osoko bilkura

Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko segurtasun alorreko bi hitzarmen onetsi ditu udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzari segida emateko hitzarmena berritzea onetsi zuen udalbatzak uztailaren 23ko osoko bilkuran. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko irrati-komunikazioen sarean integratzeko hitzarmena ere aho batez onartu zuten saio berean.

Segurtasun arloko bi lankidetza hitzarmen ere onartu zituen udalbatzak aho batez, uztailaren 23an eginiko osoko bilkuran. Batetik, "Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko EAEko Administrazio Orokorraren (Segurtasun sailaren bitartez) eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena" izan zen onarturikoetako bat.

Aurrez, 2021ean sinaturikoa ordezkatuko du. Izan ere, ordukoaren indarraldia amaitu da. "Elkarlanari jarraipena emateko, lankidetza hitzarmen berria sinatzea proposatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak", jakinarazi zuten udal gobernu taldetik. Honako hau, "orohar, udaltzaingo guztiekin Ertzaintzak sinatzen duen lankidetza hitzarmena da, non finkatzen diren euskal polizia legearen baitan zer funtzio, zeregin dagozkion Ertzaintzari, Udaltzaingoari, zertan aritu behar dugun elkarrekin". 

Bestetik, aipatu bi aldeen artean, "koordinazio eta lankidetza polizialaren arloan segurtasun saileko irrati-komunikazioen sarean integratzeko (Tetra enbor Sarea Sarea)" lankidetza hitzarmena ere onartu zuen aho batez udalbatzak. "Hitzarmen espezifikoagoa da", udal gobernu taldearen esanetan, "Euskadiko autonomia erkidegoko administrazio orokorraren (segurtasun sailaren bidez) eta erkidego horretako udalen artekoa".

Bi lankidetza hitzarmenok aipatu moduan, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lankidetza sustatuko dute. Izan ere, "Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 42. artikuluaren eta ondorengoen arabera, betebehar hauek dituzte bi-polizia-kidego horiek: elkarri laguntza eta informazioa ematea; biek erabiltzeko komunikazio-sare bat sortu eta mantentzea eta komunikazio zentralen interkonexioa erraztea; udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko neurriak hartzea; polizia-instalazioen erabilera partekatuari eta zerbitzu komunak sortzeari bidea ematea, eta dokumentu, inprimaki eta formulario komunen erabilera sustatzea".