Udalbatzaren osoko bilkura

Haur eskola Partzuergoan integratzeko beste bi urrats erabakigarri

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Haur eskola Partzuergoan integratzeko beste bi urrats erabakigarri eman zituen udalbatzak, uztailaren 23ko osoko bilkuran; batetik, Udalaren eta Udarregi ikastolaren arteko kontratu haustura tarteko, kalte-ordainak onartu zituzten. Horrekin batera, Haurreskolak Partzuergoaren eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu zuen udalbatzak aho batez.

Haur eskola Partzuergoan integratzeko bi neurri erabakigarri hartu zituen udalbatzak uztailaren 23ko osoko bilkuran. Batetik, gogoan izan, ekainaren 25eko saioan orain arte zerbitzu hori eskaintzeaz arduraturiko Udarregi ikastolaren eta Udalaren arteko kontratua datorren abuztuaren 30ean amaitzea onartu zuen. Horrekin batera, hamabost eguneko epealdia ireki zuten, kontratu horren etenaldiaren ondorioak adosteko.

Negoziazioetarako tarte horretan, "hainbat bilera egin dira Udarregiko zuzendaritza, eta Usurbilgo Alkate eta teknikariekin, kontratuaren amaiera dela eta, kalte-ordainak zehazteko". Guztira, kontratu hausturagatik Udarregi ikastolari 50.000 euroko kalteordaina ordaintzea onartu zuen udalbatzak aho batez, uztailaren 23ko osoko bilkuran, "galera hori arintzeko helburuz".

Galeren zehaztasunak
Udal gobernu taldetik zehaztu zutenez, kontratu hausturak "kalteak edo galera ekonomikoak lau alorretan eragingo dituela" aurreikusi zuten. Izan ere, "zazpi langile subrogatu ditugu", gerora Partzuergoak subrogatuko dituenak, "hezitzaileak soilik. Baina haur eskolan, hezitzaileez gain, administrari bat ere bazegoen. Beraz, administari hau subrogazio prozesutik kanpo geratu da eta ondorioz, ikastolak bere gain hartu du langile horren kontratazioa". Horregatik, "ulertzen dugu, kontratazio horren zati bat badagokiola Udalari bere gain hartzea".

Bestalde, "badira zerbitzuari lotutako gastu orokor batzuk eta horien zenbateko bat Udalak bere gain hartzen du. Hirugarren kontzeptua litzateke, kontratu etetearen ondorioz, ikastolak hainbat aholkulari juridiko kontratatu behar izan ditu. Ulertzen dugu kontratazio hori erabat lotua dagoela egoera berezi honi eta, beraz, horren kostua Udalak hartzen du bere gain".

Azkenik, kontratua hitzarturikoa baino urtebete lehenago hautsiko dutenez, "halako kontratu edo lizitazioen irabazi hori gabe geratuko litzateke ikastola eta hori da aintzat hartzen dena".

Lankidetza-hitzarmena
Udarregi ikastolaren eta Udalaren arteko kontratu hausturaren kalte-ordainak onartzeaz gain, haur eskola Partzuergoan integratu eta aipaturiko zazpi langileen subrogazioa gauzatzeko lankidetza-hitzarmena ere aho batez onartu zuen udalbatzak uztailaren 23ko osoko bilkuran, "udal haur-eskolaren integrazioa, zerbitzuaren kudeaketa eta langileen integrazioa arautzeko".

Udal gobernu taldetik aditzera eman bezalaxe, "hitzarmenak bi eranskin ditu; bat, langileei dagokiona, subrogatuko diren zazpi langileak zeintzuk diren jasotzen duena. Bestetik, eraikinari dagokionez, udalari dagokio haur eskolaren eraikina Partzuergoaren esku uztea, Partzuergoak eskain dezan zerbitzu hori gure herrian. Baina eraikina uztearekin batera, Udalari dagokio eraikin horren mantenua eta garbitasuna egitea".

Dakizuenez, eraikin horren eraberritze lanak tarteko, behin-behinean Agerialden kokatua dago haur eskola. Hitzarmenean zehaztua dago, lanak amaitu artean haur eskolak bertan segitzea baimenduko duela Partzuergoak.

Hitzarmenarekin batera, eranskinak eta Haurreskolak Partzuergoaren Estatutuak ere onartu zituzten, "udalerria Partzuergoaren antolaketa- eta funtzionamendu-araubideari atxikitzeko". Udala Partzuergoko kide bihurtzean, bertako batzar orokorrean izango duen ordezkaria ere zein izango zen erabaki zuten; hezkuntza arloko zinegotzi Xabier Aranburu Leiva izango da.