Abisu horian egunotan, "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 28a

Abisu horian izango gara "muturreko tenperatura oso altuak" tarteko.

Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia ezarri du geure inguruan, "muturreko tenperatura oso altua" izango dugulakoan. Abisu horia indarrean izango da astearte eguerdiko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte (alerta laranja Gipuzkoa barnealdean). "Tenperatura altu iraunkorra" tarteko ere abisu horia izango da indarrean asteazkenean, egun osoz.

Astearte honetan, 31 gradu inguruko tenperatura izatera hel gaitezke eta 27 ingurukoa izatera asteazkenean.

Egunotarako iragarpena
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, astearte honetan, uztailaren 28an, eguzkia izango da "jaun eta jabe. Brisa. Arratsalde-gau partean haizea mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoak asko igoko dira".

Bihar, hilaren 29an, "zerua hodei gutxirekin egongo da, behe-hodei batzuekin. Goizetik aurrera ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin arratsaldean. Tenperatura minimoak nahikoa igo eta maximoak nabarmen jaitsiko dira".

Ostegunean, aldiz, "goiz-lanbroa" izango da, Euskalmet-ek jakinarazi duenez. "Behe-hodeien tarteak izango dira, bereziki arratsaldean eta gauean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da. Arratsaldean haizea ipar-osagaira aldatzen joango da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.