Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 6a

Abuztuaren 30era arte antolaturiko 87. Donostiako Musika Hamabostaldiko baitan, urtero moduan kontzertua antolatu dute hilaren 11n, Usurbilgo Salbatore elizan.

Abian da 87. Donostiako Musika Hamabostaldia, hilaren 30era arte. Tarte horretan guztian zehar, antolatzaileen esanetan, "izango da zer entzun eta gozatu: musika sinfonikotik errezitalera, musika zein dantza tradizionaletik abangoardistara, espazio handietan (Kursaal, Victoria Eugenia edo Arantzazu) nahiz Tabakaleran, San Telmon edo Chillida Lekuko proposamen txikiagoetan dira; norberak nahi duena aukeratzeko aukera zabalena izatea da helburua, hartara bakoitzak bere jaialdia eratu dezan".

Euskal abeslari eta musikariekin
Hitzordu kopuru amaigabe horren baitan, ziklo ezberdinak antolatu dira urtero moduan; horietako bat, Organo Zikloa izenekoa duzue. "Lurraldeko organo erromantiko baliotsuak entzungo dira, dantzarekin, kantu koralarekin, bertsolariekin edo txistu, alboka, korno ingelesa, zanfona edo biolontxeloarekin batera; S. Máynez Vidalen bi obra estreinatuko dira horretan". Ziklo hori hilaren 13ra arte luzatuko da. "Zenbait herrialdetatik etorritako hamabost bakarlarik Gipuzkoako hainbat tenplu abangoardia eta tradizioa elkarrekin bizitzeko agertoki bihurtuko dituzte. Aurtengo edizioaren helburua hesiak kentzea eta instrumentua entzulego handi batekin lotzea da, urtez urte organo kontzertuetara puntualki joaten dena fidelizatzeaz gain. Dimentsio berriak aztertzen dituzten diziplinarteko elkarrizketa iradokitzaileen bidez, zikloak inprobisazioaren, pedagogiaren eta interpretazioaren arteko orekan aurkitzen du bere pultsua", antolatzaileen esanetan.

Hamalau kontzertuko ziklo horren baitako emanaldietako bat urtero moduan, Usurbilgo Salbatore elizan antolatu dute. Azkenaldian, gainera, organo kontzertua beste musika instrumentu nahiz ahotsekin uztartu ohi dute. Aurtengo kontzertua ez da salbuespena izango. 87. Donostiako Musika Hamabostaldiko Usurbilgo kontzertua, abuztuaren 11n izango da, arratsaldeko 20:00etan. Sarrera doakoa izango da. Usurbilgo Udalak lagundutako hitzorduan, Hayo Boerema ariko da organo jole gisa. "Widor, Hakim, Boerema, Ducau eta inprobisazioak" eskainiko ditu. Euskal abeslari eta musikari ezagunak izango ditu alboan; Mixel Ducau (ahotsa, gitarra, alboka eta saxofoia) eta Caroline Phillips (ahotsa eta zanfona).

Organo joleaz hainbat xehetasun eskaini dituzte antolatzaileek. "Groningenen jaioa, Hayo Boeremak kontzertu-jarduera nabarmena du, Herbehereetan nahiz atzerrian errezitaldiak eginez. Vienan (1998), Nurenbergen (1999), Parisen (1999), St Albansen (2001), Nimegan (2004) eta Kotkan (2005) egindako nazioarteko lehiaketa eta jaialdietan sariak lortu ditu. Aldizka, irrati-grabazioetan parte hartzen du, bakarlari gisa edo hainbat abesbatza profesionalekin batera. 2005ean Rotterdameko San Lorenzo elizako organista izendatu zuten (St. Laurenskerk) eta, 2009an, Parisko Arts, Sciences, Lettres "Société Académique d" Éducation et d 'Encouragement" delakoaren Merituaren Zilarrezko Domina jaso zuen, Frantziako organo-musikan egindako ekarpenagatik. Organo eta inprobisazio irakaslea da Hagako Errege Kontserbatorioan".

Berarekin batera ariko dira "Mixel Ducau, bere garaian Errobiren sortzaile gisa euskal rockaren mugimenduaren bultzatzailea, eta Caroline Phillips bikotea. Widorri eskainitako hitzaurrearen ondoren, Boerema eta Ducauk sinatutako partiturak interpretatuko dituzte, euskal kantu tradizionalekin batera".

Musika Hamabostalditik azaldu bezalaxe, "Mixel Ducau formazio klasikoko saxofoi jotzailea da, gitarrista autodidakta, instrumentu ugariko interprete sutsua eta familiako tradizioagatik kantaria. Rock eta jazz garaikidearen mundutik dator, eta Errobi taldearen sortzaileetako bat izan zen. Musikari eta ekoizle gisa euskal musikaren hainbat proiektutan lan egin du azken berrogei urteetan. 1992an Joseba Tapiarekin batera Zaldibobo taldea sortu zuen eta 2003an Caroline Phillipsekin Bidaia taldea sortu zuen, folk musikara itzuliz eta alboka jotzen ikasiz. 2007tik musika proiektuak garatzen jarraitzen du Oreka TX taldearekin batera, zeinarentzat musika ere konposatzen duen".

Bestalde, "Caroline Phillips San Frantziskon jaio zen, greziar eta irandar jatorriko familia batean. Gaztetatik musika prestakuntza jaso zuen, kantua eta piano klasikoa ikasiz. Parisen arte lirikoko ikasketak egin zituen eta ondoren jazzaren mundura bideratu zen, bertan kontzertu ugari eskainiz. Egilea eta konpositorea, Mixel Ducau ezagutu zuen grabazio estudio batean. Berarekin batera Euskal Herrira itzuli zen, eta han ikasi zuen euskara. Pianoa utzi eta zanfona jotzeari ekin zion, Bidaia taldearen musika konposatu eta interpretatzeko tresna".

Informazio gehiago quincenamusical.eus atarian jaso ahalko duzue.