Behin baino biziko ez dugun une historikoa datorkigu abuztuaren 12an. 2183. urtera arte errepikatuko ez den eguzki-eklipsea izango da. Ondorioz, bi ilunabarreko egun historikoa biziko dugu astebete barru, abuztuko bigarren asteazkenean. Euskal Herrian, bereziki, Araba eta Nafarroa hegoaldean ikusi ahalko da eklipsea bere osotasunean.
Usurbili dagokionean, partzialki ikusi ahalko da. Geografia Institutu Nazionalaren arabera, eklipse hori arratsaldeko 19:31:45ean hasiko da. Une horretan, ilargia eguzkia estaltzen hasiko da. Gehien nabarmenduko den unea 20:27:21 aldera izango da, eta eguzkia 21:15:36 aldera sartuko da.
Joan-etorriak saihesteko deia
Eklipsea tarteko, joan-etorriak saihestea aholkatu du Eusko Jaurlaritzak, "herritarrei fenomenoaz dauden lekutik gozatzea". Horren harira, "beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea eta behaketa aldez aurretik planifikatzea gomendatzen da, mendebalderantz ikuspen ona duen eta oztoporik ez duen puntu hurbil bat aukeratuz".
Horrez gain, "behaketa osoan zehar eklipse-betaurreko homologatuak erabiltzea" ezinbestekotzat jo dute. Izan ere, "eguzkira zuzenean begiratzeak, Ilargiak ia erabat estali duenean ere, lesio larriak eta itzulezinak eragin ditzake erretinan, inolako minik nabaritu ez arren".
"Helburua da behaketa segurua bermatzea, osasunerako arriskuak saihestea eta euskal errepide-sarean aurreikusten den mugikortasun handiko egun batean beharrezkoak ez diren joan-etorriak murriztea".
Trafiko murrizketak
Aholkuez gain, ika-mika eragin duen debeku bat ere iragarri zuen duela hilabete erakunde berak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak debekatzea erabaki zuen 7.500 kilogramotik gorako ibilgailu astunek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepide sarea baliatzea eklipsean egunean, abuztuaren 12an.
Gerora, ordea, iritziz aldatu eta aipatu debekua mugatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Honenbestez, "abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea dela-eta ibilgailu astunentzat aurreikusitako zirkulazio-murrizketa 17:00etatik 23:59ra mugatzea erabaki du, trafiko-intentsitate handiena aurreikusten den aldiarekin bat etorriz".
Neurri horrek eragina izango du "Euskadiko errepide-sarean zirkulatzen duten 7.500 kilogramotik gorako masa baimendua duen ibilgailuetan edo ibilgailu-taldeetan. Helburua da, fenomeno astronomiko hori dela-eta joan-etorri gehien pilatzea espero den ordu-tartean bide-segurtasuna bermatzea eta zirkulazioaren arintasuna erraztea, errepide-garraioko enpresen eta profesionalen jardueran ahalik eta inpaktu txikiena eraginez".
Eguzki-eklipse horri buruzko informazio gehiago helbide honetan jaso daiteke: eklipsea.euskadi.eus/eu/home