"300 pertsona baino gehiago afaltzeko alternatibarik gabe" geratu direla salatu dute Kale Afari Solidarioak ekimenaren sustatzaileek, Donostiako Udalak egitasmo horrekin aurrera jotzea debekatu ostean. Debeku horren aurrean, mobilizatzeko deia egin dute KAS-eko kideek asteazken honetan, uztailaren 29an, arratsaldeko 20:00etan Donostiako Alde Zaharreko Plaza Berrian.
Usurbildik hara elkarrekin joateko deia egin dute 18:54ko trenean, herritar talde bat aritu baita azken urtebetean ekimen solidario honetan. "Donostiako Udalak KASen afari solidarioak debekatu ditu, 300 pertsona afaririk gabe utziz. Polizia-mehatxuagatik bertan behera utzi behar izan dugu, baina alternatiba errealak exijitzen ditugu hemen eta orain!", galdegin dute ekimen solidarioaren bultzatzaileek. Izan ere, gogorarazi dutenez, "gure elkartasuna ez da delitua!".
Atzo agerraldi bidez KAS-eko ordezkariek salatu zuten "errespetu eta erantzukizun falta handiz" jokatu zuela Donostiako udal gobernu taldeak. Izan ere, aste hasieran udaltzainak bidali zituzten afariak banatzeko guneetara debekuaren berri emateko informazio orriak helaraztera.
Egoera honetan, afaririk gabe utzitako 300etik gora lagunentzako "alternatiba errealak" exijitu dizkiote Gipuzkoako hiriburuko udalari, alkateari "larrialdiko bilera" galdegiteaz gain. Besteak beste, "bizikidetza eta segurtasun arazoak" eragiteagatik debekatu dituzte afari solidariook Donostiako alkatearen esanetan.
Usurbilen KAS taldea
Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten.
Gogoan izan, iazko udazkenean zehar abiarazi eta osatu zuen herritar talde batek ekimen horrekin bat egiteko bilgunea. Hedabide honetara igorritako oharraren arabera, "dakizuenez, Usurbilgo herritarrok Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) proiektuan parte hartzen dugu, bertako langileei lan-karga arintzeko asmotan".
Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin zuen udazkenean Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean.
Bildutako elikagaiokin sukaldatu dituzte orain arteko afari solidarioak. Hilero sukaldatu dituzte udaberri honetara arte otorduok Aitzaga elkartean eta gero, Donostiara garraiatu izan dituzte, han bana ditzaten.