28 gradu inguruko tenperatura izan dezakegu geure inguruan, atzo baino freskoxeago. Halere, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, abisu horian segiko dugu asteazken honetan, uztailaren 29an, tenperatura altu iraunkorragatik eta egun osoz.
Euskalmet-en arabera, giro eguzkitsua izango dugu egun osoz. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, behe-hodei batzuekin. Goizetik aurrera ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin arratsaldean. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira", ohartarazi du aipatu meteorologia agentziak.
Aldaketa
Gaur iluntzetik aurrera, nabarmen freskatuko du. 20 gradu azpitik joango zaigu gaua eta goizaldea. Bihar, hilaren 30ean, gehienez jota 22 graduko tenperatura izan dezakegu, baita etzi ere. Lainopean joango zaizkigu hurrengo egunok. Ostegunean, "goiz-lanbroa" izango dugu, Euskalmet-en arabera. "Behe-hodeien tarteak izango dira, bereziki arratsaldean eta gauean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da. Arratsaldean haizea ipar-osagaira aldatzen joango da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Ostiralean ere "goiz-lanbroa" izango dugu. "Zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zirimiria egin dezake. Bero-hodeiak izango dira, bereziki goizaldean eta egunaren bigarren partean. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera.
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.